Gizartea -
Indarkeria matxista
Emakume bati sexu erasoa egin diote Portugaleten
42 urteko gizon bat bere bikotekide ohiaren etxebizitzan indarrez sartu zen, eta emakumea aurpegian kolpatu ostean sexu erasoa egin zion.
agentziak | Erredakzioa
Ertzaintzak gizon bat atxilotu du Portugaleten (Bizkaia), bere bikotekide ohiaren etxean indarrez sartu, hura kolpatu eta sexu erasoa egiteagatik. Hala eman du jakitera Segurtasun Sailak.
Ustezko erasotzaileak 42 urte ditu eta biktimarenganako urruntze agindu zeukan indarrean. Horrenbestez, askatasun sexualaren kontrako delituagatik, genero indarkeriagatik eta kautelazko neurriak hausteagatik atxilotu zuten.
Erasoa atzo arratsaldeko bostetan jazo zen, Portugaleteko San Roque auzoko etxebizitza batean. Ordu horretan, hainbat bizilagunek Ertzaintzari abisu eman eta emakume bat bere etxe barrutik laguntza eske zebilela jakinarazi zioten.
Patruila bat bertaratu zen, eta ateari deika zenbait minutuz egon ostean, azpiko arropan zegoen gizon batek atea ireki zien.
Agenteetako batek susmagarria zaintzen zuen bitartean, beste batek etxebizitza miatu zuen. Halako batean, itxita zegoen gela batean, sudurrean eta ezpainetan zauriak zituen emakume bat aurkitu zuen, adingabe bat besoetan zeramala.
Biktimak salatu zuenez, bere bikotekide ohiak eragin zizkion zauriak: hura indarrez sartu zen etxean eta berarekin sexu harremanak izatera behartu zuen.
Horren aurrean, agenteek susmagarria atxilotu zuten. Eginbideak egin ostean epailearen aurrera eraman zuten.
Bizkaiko Foru Aldundiak "gogor" gaitzetsi du eraso sexuala
Bizkaiko Foru Aldundiak "gogor" gaitzetsi du Portugaleten gertatutako eraso sexuala. Ohar baten bidez foru erakundeak nabarmendu duenez, emakumearen eta familiaren esku ipini dugu biktimak artatzeko zerbitzua, Portugaleteko Udalarekin elkarlanean eta koordinatuta.
-----------------------------
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.