Gizartea -
17 urteko gaztea hil zen
Arguedaseko bi atxilotuak epailearen esku utziko dituzte gaur
28 eta 34 urteko bi arabar dira. Hauekin batera beste bi gazte ere atxilotu zituzten baina, Tuterako komisaldegian deklaratu ondoren, kalean dira, karguekin.
Erredakzioa
Arguedaseko istripu larriaren ondorioz atxilotutako bi gazte arabarrak epailearen aurrera eramango dituzte gaur. Istripuaren ondorioz 17 urteko motorzale bat hil zen. Istripua larunbatea, uztailak 31an, gertatu zen, 03:30etan.
Epailearen aurrean izango diren bi atxilotuak 28 urteko J.C.M., Artziniegakoa, eta 34 urteko J.G.C.T., Laudiokoa. Biak larunbatean atxilotu zituen Polizia Foralak, gertatutakoa argitzeko egindako ikerketen ondorioz.
Bi hauekin batera beste bi gizon atxilotu zituzten, B.R.D., 31 urtekoa, eta J.C.M.M., 30 urtekoa, biak Laudiokoak, baina aske utzi zituzten, karguekin, Tuterako komisaldegian deklaratu ondoren.
Tuterako Instrukzioko Epaitegira bidalitako atestatuaren arabera, ardugabekeria larriaren ondorioz eragindako giza hilketa eta sorospen-eginbeharra ez betetzea leporatzen die Polizia Foralak lau gazte arabarrei.
Bide seinale bi errepidera bota zituzten
Poliziak egindako ikerketen esaten dutenez, gazteak Arguedaseko jaiak ospatzen zeuden eta bide-seinale bi lurrera bota zituzten.
Horietariko bat errepidera jausi zen. Ondoren, 17 urteko Arguedaseko motorzaleak oztopoaren kontra talka egin zuen eta espaloira erori zen, buruan kolpe latza hartuz.
Nafarroako Ospitalera eraman zuten eta igande goizean hil egin zen.