Gizartea -
Costa del Solen
Luxua eta segurtasuna, Michelle Obamaren Marbellako oporraldirako
AEBetako lehen damak luxuzko hotel batean ostatu hartu du haren alaba gazteenarekin eta lagun batzuekin batera. Bisitak 800 milioi euroko diru-sarrera eragingo du.
Erredakzioa
Michelle Obama Barack Obama Ameriketako Estatu Batuetako presidentearen emaztea eta haien alaba gazteena, Sasha, Costa del Solen dira. Agintari estatubatuar baten emazteak Espainiara bakarrik egiten duen lehen bidaia da.
AEBetako presidentearen emaztea eta euren 9 urteko alaba, sendiaren lagun batzuekin batera, Villa Padierna bost izarretako hotelean kokatuta daude dagoeneko, Benahavisen, Marbellatik eta Esteponatik gertu dagoen herri batean. Oporraldiak datorren igandera arte, hilarena 8a arte, iraungo du, eta aurreikusten denez, hotelean bertan bazkalduko dute.
Autoan heldu dira hotelera 11.43ean, arreta handiarekin eta segurtasun neurri zorrotzekin. Aldez aurretik, 10.30ak baino lehen, marra handi eta urdina eta ''United States of America'' esaldia zuen AEBetako aireko indarren Boeing hegazkin bat lurreratu da Malagako aireportuan. Barack Obamaren emaztea jaitsi da, oso elegante beltzez jantzita eta ilea jasota zuela, bere alaba bezala, grisez zihoala.
Lehen dama eta haren alaba Granadara joango dira bihar hiriko lekurik turistikoenak ezagutzeko. Katedrala, Albaicin auzoa eta Alhambra bisitatuko dituzte, besteak beste.
Marbella, Benahavis eta Estepona gogor aritu dira lanean bideak eta argiztapena hobetzeko eta AEBetako lehen damak herriaren irudi ona bat jasotzeko. Ricardo Arranzena da Ritz-Carlton nazioarteko sarearen baitan dagoen luxuzko hoteleko eraikin printzipalaren ondoan dagoen finka bateko 60 gela alokatu ditu Michelle Obamak.
Hotelaren inguruko segurtasuna areagotu dute eta azken egunetan polizia eta goardia zibil gehiago dabiltza eraikinaren inguruan. Horrez gain, lehen damaren bisitak eragin duen interesaren ondorioz ere, komunikabide ugari bildu dira hotelaren inguruan.
Obama sendiak ez du luxuzko eskakizunik egin, Arranzek adierazi duenez. Gainera, komunikazio agentzia batek esan du Obamaren emaztearen bisitak 800 milioi euroko diru-sarrera eragingo duela.
Opariak eta eskerrak
Lehen damarentzat hainbat opari prestatu dituzte Marbellan eta inguruetan. Horien artean da Marbellako Udalak egingo diona: 2009an Grabatuaren Sari Nazionala eskuratu zuen Muriel Moreauk artista frantsesak egindako obra bat eta hiriaren historia biltzen duen liburu bat.
Gainontzeko oparien artean eskuz margotutako abaniko bat, Espainiako mantelina bat, lore sortak, flamenkoko klase magistrala jasotzeko edo emanaldi batera joateko aukera, herriko museotara bisita pribatuak eta gidatuak, Picasso Fundazioaren liburu irudiztatuen bilduma elkartzen duen katalogoa (156 titulutik 43 dituena), elikagai andaluziarrak eta Picassoren Jaiotetxea bisitatzeko gonbidapen bat.
Bitartean, barack Obama AEBetako presidenteak haren urtebetetzea bakarrik ospatu beharko du, Chicagon. Jose Luis Rodriguez Zapaterok ere gaur betetzen ditu urteak, 50 hain zuzen ere. Obamak, berriz, 49.