Gizartea -
Bizkaia
Sendia plataformak kaleratze bat geldiarazi du Galdakaon
Txomin Eguileor kaleko 52. zenbakian bildu dira plataformako kideak, eta kaleratzea hiru hilabete atzeratzea lortu dute.
Eitb.eus
Sendia Euskadi hipotekak kaltetutakoen plataformak deituta, Galdakaoko Txomin Eguileor kaleko 52. zenbakian bildu dira hainbat lagun gaur goizean, eta Manoel izeneko bizilagun bat etxetik kaleratzea saihestu dute.
Rosa de la Fuente plataformako bozeramaileak eitb.eus-i jakinarazi dionez, plataformako kideek egindako "presioari esker", kaleratzea "hiru hilabetez atzeratzeko akordioa" lortu dute.
Kaleratzea burutu behar zuen batzorde judiziala 09:30ean heldu da, eta 20 bat lagun zituzten etxebizitzaren aurrean zain.
Manoelek Galdakaon duen etxebizitzatik kanporatzeko salaketa 2011koa da. Ordutik, bi enkante bertan behera uztea eta bost kaleratze gelditzea lortu dute Sendiako kideek. Plataformaren ustez, Kutxabank "ez da erreklamatzen duen zorraren hartzekodun legitimoa", eta haren kontra bi salaketa jarrita ditu "iruzurra eta iruzur prozesala" egotzita.
De la Fuenteren hitzetan, Sendia plataforma "oso pozik" dago egindako lanarekin eta lortutakoarekin. "Negar egin dugu gaur, emozioak eta nerbioak jota, baina lortu dugu", adierazi du.