Gizartea -
Indarkeria matxista
Gizonezko bat atxilotu dute Ezkabarten, sexu eraso saiakera bat egotzita
57 urteko gizonezkoa Iruñeko guardiako epaitegiaren esku utzi dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nafarroako Foruzaingoak 57 urteko gizonezko bat —txekiarra— atxilotu zuen atzo Ezkabarten, gaueko klub batean lan egiten duen emakume bati sexu erasoa egiten saiatzea egotzita.
Bertaratutako foruzainek ustezko erasotzailearekin eta emakumearekin hitz egin zuten, Nafarroako Foruzaingoak ohar bidez jakinarazi duenez.
Emakumearen lekukotzaren arabera, gizonak bere zerbitzuak kontratatu zituen eta, gelara sartutakoan, bortizkeriaz jokatzen hasi eta bera bortxatzen ahalegindu zen. Halaber, gelako kristalak eta altzariak apurtu zituen.
Biktimak gizonezkoarengandik ihes egitea eta beste gela baten babesa lortu zuen eta, segidan, klubeko arduradunek Foruzaingoari deitu zioten.
Polizia judiziala tokira bertaratu zen eta emakumeak eraso saiakera salatu zuen. Ondoren, osasun zentro batera eraman zuten.
Bestalde, ustezko erasotzailea —mozkortuta zirudien— klubeko arduraduna erasotzen ahalegindu zen foruzainen aurrean. Azkenean, atxilotu eta Foruzaingoaren Belosoko komisariara eraman zuten.
Izapideak amaituta, Iruñeko guardiako epaitegiaren esku utzi zuten.
___________________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.