Gizartea -
Donostian
Emakume bat bortxatzeaz akusatutako gizonak gertatutakoa onartu du
Emakumeak baimendutako harremana izan zela azpimarratu du; aitzitik, biktimak ez du ezer gogoratzen. Antza denez, 'mozkortuta eta ia konorterik gabe zegoen' epaitzen ari diren egitateak gertatutakoan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Donostian emakume bat bortxatzeagatik akusatutako gizonak gertatutakoa onartu du, baina emakumeak baimendutako harremana izan zela nabarmendu du. Emakumeak, ostera, ez du ezer gogoratzen. Antza denez, "mozkortuta eta ia konorterik gabe zegoen" epaitzen ari diren egitateak gertatu zirenean.
Gaur, ustezko erasotzaileak eta biktimak deklaratu dute Gipuzkoako Probintzia Auzitegian egiten ari diren epaiketan.
Fiskaltzak eta herri akusazioak zazpi urteko kartzela zigorra eskatu dute akusatuarentzat, sarketarekin egindako sexu abusu delitua leporatuta. Epaitzen ari diren egitateak 2014ko ekainaren 29an gertatu ziren, 07:00ak eta 12:00ak bitartean.
Akusatuak biktimarekin sexu harremanak izatea onartu du epailearen aurrean. Hala ere, emakumeak baimendu zuela eta "jai giroan" gertatu zela nabarmendu du. Haren esanetan, Donostiako tabernak itxi zituztenean garaje batean jarraitu zuten festarekin. Hala, une batean, biak auto baten barruan sartu eta sexu harremanak izan zituzten. Ondoren, emakumeak lo hartu omen zuen.
Bestalde, biktimak adierazi du ebakuntza bat pasatu berri zuela eta, antibiotikoak hartzen ari zenez, "gutxi" edan zuela. Garajean elkarrekin dantza egin zutela onartu du. Gerora, auto barruan esnatu ei zen eta ez da aurrez gertatutakoaz gogoratzen. Haren esanetan, esnatu zenean arropa mugituta zuela eta norbaitek zerbait egin ziola konturatu zen. Egun batzuk geroago, salaketa aurkeztu zuen Udaltzaingoaren aurrean.
Bihar, asteazkena, amaituko da epaiketa, eta epaiaren zain geldituko da.
___________________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.