Gizartea -

Euskadunak Indian harrapatuta

Mendizaleak erreskate lanetan laguntzen ari dira, abioiaren zain

Galdakaoko Ganguren mendi taldearen kide dira. Onik daude, etxera ahalik eta lasterren itzultzeko zain. Desagertutako Mallorcarra, onik agertu da.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Galdakaoko Ganguren mendi taldeko 46, Indiako Leh hirian atera ezinik daude. Euskadira bueltan ekarriko dituen abioiaren zain dauden bitartean, bertakoei erreskate lanetan laguntzen ari dira.

Herrizaingo Sailak zabaldu duenez, Eusko Jaurlaritzaren larrialdietarako arduradunak, Raul Fernandez de Arriabe sailburuordearekin batera, bart bildu dira aipatutako mendi taldearen kideekin mendizaleen egoerari buruz informatzeko; denak onik daude, Espainiak Delin duen enbaxadaren arabera.

Montzoiak India astindu du azkeneko bi egunetan eta Himalayan trekking egitera joan diren mendizale bizkaitarrengan ere eragin du.

Frontea Leh probintzian azaldu zaie, eta 160 espainiarrez osatuta dagoen talde batean daude galdakaoztarrak. Espainiak Indian duen enbaxadak informatu duenez, onik daude guztiak, mallorcar bat izan ezik, desagertuta dagoena.

Gaur goizean larrialdietarako teknikariek zabaldu dute euskal bidaiariak hegaldi bat lortzen saiatzen ari direla, eskualde hartatik irten eta Delira heltzeko, bertatik etxera bueltatu ahal izateko.

Hala ere, esan dute hegazkin bat gaur lortzea oso zaila dela, euskal mendizaleak ez ezik beste hainbat pertsona ere egoera berdinean dagoelako, handik irteteko ahaleginetan.

Herrizaingo Sailak adierazi duenez, senideekin harremanetan ezin direlako jarri, komunikazio kate bat zabaldu da Kanpo Arazoetarako Ministerioak informazio guztia Sailari, eta handik senideei helarazteko.

Gutxienez 120 pertsona hil dira, 15.000tik gora zauritu eta 550 baino gehiago desagertuta daude azkeneko bi egunetan izandako uholdeen ondorioz, Leh hiriaren inguruan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea