Gizartea -

Emakumeen aurkako indarkeria

Bere gain hiru espetxeratze agindu zituen gizon bat atxilotu dute Bilbon

Tartean emakume bati tratu txarrak emateagatik. Baina libre zegoen Udaltzaingoaren akats baten ondorioz. Gaur atxilotu du Udaltzaingoak berak, bilaketa dispositibo bati esker.

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Udaltzaingoak hiru espetxeratzeko agindu zituen guzonezko bat atxilotu du gaur. Apirilean identifikatu zuten indarkeria matxistarekin lotutako delitu bat leporatuta, baina ez zuten atxilotu.

Atxiloketa 13:50 aldera izan da, Mariaren Bihotza Plaza kalean, eta segituan jarriko dute epailearen esku espetxera dezan, Udalak prentsa-ohar batean jakinarazi duenez.

Ondarearen kontrako delitu batengatik eta kartzelatik ihes egiteagatik zegoen hura espetxeratzeko agindua.

Udaltzaingoak gizona bilatzeko eta atxilotzeko operazioa jarri du abian Bilbo Zaharrean, apirilaren 19ko eraso matxistarekin lotuta.

Egun hartan gizona Miribillako Udaltzaingoaren egoitzara eraman zuten identifikatzera, baina ez zuten atxilotu indarkeria matxista delitua egiaztatzeko nahikoa zantzu ez zutela iritzita.

Komisaldegitik atera eta gutxira, espetxeratzeko hiru agindu zituela jakin zuten, baina ordurako ez zekiten non zegoen gizona.

Gaur goizean bertan, Tomas del Hierro Segurtasun zinegotziak agerraldia egin du gertatutakoa argitzeko, eta aitortu du "akats bat" izan zela, "disfuntzio" bat.

Atxilotuak bi identifikazio eman zituen, baina lehenengoa bakarrik egiaztatu zuten, eta hura faltsua zen. Bigarren identifikazioaren dokumentaziorik erakutsi ez zuenez, ez zuten frogatu ere egin.

Orduan, Udaltzaingoak nahiago izan zuen hatz marken bidez identifikatu, eta hor sortu zen "disfuntzioa": Udaltzaingoak ez du hatz marken datuak jasotzeko eskumenik, eta Ertzaintzaren eta Espainiako Poliziaren bitartez egin behar du.

Zerbitzu hori ez dago martxan gauez, eta gizona ezin zuten sei ordu baino gehiago komisaldegian eduki; horregatik, libre utzi zuten. Zortzi ordura, berriz, espetxeratze aginduen berri jaso zuten.

 

_________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko albisteak Indarkeria matxista gaur Gaurko azken ordukoa