Gizartea -

Emakumeen aurkako indarkeria

Gorenak berretsi egin du Durangon emaztea bortxatu zuen gizonaren zigorra

Akusatuaren helegitea atzera bota du, eta baieztatu egin du Bizkaiko Lurralde Auzitegiaren ebazpena, 9 urteko kartzela-zigorra ezarri ziona.

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Gorenak berretsi egin du 2014an Durangon emaztea bortxatzeagatik gizon bati ezarri zioten bederatzi urteko kartzela-zigorra.

Gorenak atzera bota du akusatuaren helegitea, eta baieztatu egin du Bizkaiko Lurralde Auzitegiaren ebazpena. 2016ko urrian kaleratutako ebazpen horrek sexu-eraso delitua ezarri zion, biktima senide izatea larrigarri moduan hartuta.

Era berean, gizonak 15.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio emazte ohiari kalte moralarengatik eta 210 eurokoa lesioengatik. Bost urtean, gainera, ezingo du harengandik 100 metro baino gutxiagoko distantziara gerturatu.

Erasotzailea emaztearekin bizi zen, Durangon, eta eztabaida baten ostean, "sexu gozamena lortzeko helburuarekin", emaztea tiraka eta kolpeka korridorera eraman eta eskua sartu zion baginan.

Ondorioz, emakumeak lesioak izan zituen gorputzeko hainbat tokitan, eta sendagileek artatu behar izan zuten.

_________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista gaur Zer gertatu da gaur Bizkaian? Durango argazkiak Eguneko albisteak