Gizartea -
Ultra baten erasoa Bilbon
Betiseko ultrak ez du Bilboko Auzitegian agertu beharko
Epaiketa egin bitartean, Manuel Herrerak Benacazon (Sevilla) herriko epaitegira joan beharko du, hilean bi aldiz.
Erredakzioa
Bilbon gazte bati eraso egin zion Betiseko ultrak azkenean ez du Bilboko epaitegian agertu beharko.
Epaileak hasierako agindua aldatu du eta, epaiketa egin bitartean, Manuel Herrerak, Benacazon (Sevilla) herriko epaitegietara joan beharko du, hilean bi aldiz.
Erasotzaileak eta biktimak bi aldiz deklaratu dute bideokonferentziaz, baina, oraindik, lekuko batek eta ultrarekin bideoa grabatzen ari ziren bi lagunek deklaratu beharko dute Bilboko Epaitegian.
Erasoa joan den apirilaren 27an jazo zen Bilboko Plaza Barrian, Athleticek eta Betisek San Mamaesen partida jokatu behar zuten egunean.
Auzipetutako hiru gazteak taberna bateko terraza batean lasai-lasai zegoen gizonezkoarengana hurbildu ziren eta une horretan Manuel Herrerak ondokoa esan zion: "Zu, Gabilondo, Arriba España, zer zara ETA zalea?". Segidan, edari bat bota zion gainera, eta jo egin zuen gero.
Erasoa sakelako telefonoarekin grabatu eta sare sozialetan zabaldu zuten.
Ertzaintzak atxilotu egin zituen, baina haien kontrako salaketarik ez zegoenez, aske utzi zituen.
Erasoa zigorrik gabe gera ez zedin, bi abokatuk salaketa jarri zuten eta azkenean Ertzaintzak ofizioz jardutea erabaki eta ikerketa bat abian jarri zuen.
Joan den maiatzaren 3an, Sevillako Auzitegiko epaile batek behin-behinean karguekin aske utzi zuen.