Gizartea -
Zezenketen kontrako protesta
Kataluniaren adibidea jarraitzearen alde egin dute Donostian
Mila pertsona inguru bildu ditu Donostiako manifestazioak, guztiak "Zezenketak, ez!" lelopean
Erredakzioa
Mila pertsona inguru izan dira Donostian Aste Nagusiko zezenketen aurkako ohiko protestan. Aurten, aurrekoetan baino jende gehiago bildu direla azpimarratu dute antolatzaileek, euren esanetan, Katalunian 2012tik aurrera zezenketak debekatzea lortu izanaren ondorioz.
Manifestariek "Zezenketarik, ez!" leloa idatzita zeukan pankarta eroan dute. 18:00etan hiriburuko Boulevardetik atera dira. Leku horretan bertan, Askegintza Liberación Animalista elkarte antolatzaileak zezenketen kontrako leloak zeramatzaten kamisetak saldu ditu.
"Animalien kontrako indarkeria, zigor kodera" eta "Tortura ez da arte ez kultura" bezalako oihuak bota dituzte bertan bildutakoek. Horretaz gain, kartel ezberdinak eraman dituzte "Eta zu, zein garaitan bizi zara?", "Tradizio hau tortura da" eta "Zenbat malko, zenbak hilketa gehiago?" leloekin.
Bertan izan dira animalien defentsarako hainbat taldeek ordezkariak, ATEA barne, eta ekologistak ere, Eguzki. Hauek pankarta propioa eraman dute "Visca Catalunya, hiltzaileengandik libre" esanez.
ATEA taldeak, gainera, antolatzaileen artean inprimakiak banatu dituzte zezenketekin amaitzeko sinadurak lortzeko asmoz. "Euskadin ere zezenketak lehenbailehen debekatu daitezen nahi dugu eta politikariek prozesu hori bultzatu behar dute".