Gizartea -
Euskal Autonomia Erkidegoan
Hiru lurralde epaitegik hartuko dituzte zoru klausulen inguruko auziak
Gehiegizko klausulak ezarri zizkieten 2.550 kasu daude. Epaile eta funtzionario gehiago jarriko dituzte lanean.
Agentziak | Erredakzioa
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren arabera, hipotekan zoru klausula zuten eta kobratutako gainkostua bueltan jaso behar duten 2.550 norbanako daude Euskadin. Auziok bere gain hartzeko hiru lurralde epaitegi gaituko ditu Auzitegiak, bana lurraldeko.
Bizkaian, Bilboko Lehen Auzialdiko 11. epaitegia arituko da zereginotan ekainaren 1etik aurrera. Horretarako, epaile bat, abokatu bat eta lau funtzionario jarriko dituzte errefortzu gisa. Auzitegiaren ustez, 1.250 kasu daude Bizkaian.
Araban eta Gipuzkoan, uztailaren 1ean hasiko dira auziak aztertzen, ekaineko hilabetea formaziorako baliatuko baitute.
Donostian, Lehen Auzialdiko 8. epaitegia da aukeratutakoa. Epaile bat eta bi funtzionario gehiago izango dira 900 bat kasu epaitzeko. Gasteizen, Lehen Auzialdiko 5. epaitegian arituko dira auziak aztertzen, eta errefortzu gisa epaile bat eta bi funtzionario izango dituzte. 400 kasu baino gehiago omen daude Araban.
Antolaketa hau sei hilabeterako egin du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. Beharra izanez gero, beste bi epaile egongo dira lanerako prest.