Gizartea -

Emakumeen aurkako indarkeria

Absolbitu egin dute ustezko bortxatzaile bat, Donostian

Erabat mozkortuta zegoen emakume bat bortxatzea leporatuta epaitu dute, baina epaitegiak uste du kontraesanak daudela emakumearen azalpenetan.

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako Auzitegiak absolbitu egin du erabat mozkortuta zegoen emakume bat bortxatzea leporatuta epaitutako gizonezkoa. Zazpi urteko kartzela-zigorra eskatzen zuten bere kontra, baina epaileak uste du ez dela egiaztatuta geratu emakumea bere buruaren jabe ez zenik eta gizona egoera horretaz aprobetxatu zenik.

Apirilean izan zen epaiketan, Fiskaltzak eta akusazio partikularrak bortxaketa leporatu zioten gizonezkoari, baina defentsak absoluzioa eskatu zuen, sexu-harremanak biek onartuak izan zirelakoan.

2014ko ekainaren 28an izan zen gertakaria. Akusatua eta biktima elkarrekin eta beste lagun batzuekin batera atera ziren parrandan. Goizaldean gizona eta emakumea bakarrik geratu ziren, eta parrandan jarraitu zuten.

Ebazpenean agertzen denez, gizonak "berretsi" zuen "biek onartutakoak" izan zirela sexu-harremanak, baina salatzaileak ere "berretsi" egin zuen ez zuela gogoratzen "onartua izan zela", eta eduki izanaz ere ez zela gogoratzen, nahiz eta goizean esnatu eta "arropa pixka bat jasota zuela eta arraro sentitzen zela" ohartu.

Hala eta guztiz ere, epaileak uste du kontraesanak daudela emakumearen lekukotzan, edan zuen alkohol kopuruaren inguruan bertsio desberdinak eman zituelako, batzuetan "gutxi" eta besteetan "dezente" esan zuelako.

Epaitegiarentzat "deigarria" izan zen gertakarietatik 56 ordura egin zizkioten analisien emaitza, 14 miligramo GHB (bortxatzaileen droga deitzen zaio) antzeman baitzizkioten. Izan ere, sustantzia horrek sei ordu bakarrik irauten omen du odolean.

Hala, epaitegiak bi aukera aztertu ditu: droga nahita hartu izana analisian ager dadin, edo bere gorputzak berez substantzia hori sortzea.

Dena dela, ebazpenak berretsi du odol analisiek inola ere ez dutela akusatuaren kontrako ezer frogatzen, baizik eta "kontrakoa, zalantza handiak sortzen ditu akusazioen bertsioa egiatzat hartzeko".

 

 

_________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako informazioa Tratu txarrak gaur Albisteak