Gizartea -
Nafarroa
Tafallako alkate andrea: 'Tragedia izan zitekeena, sustoa izan da'
Zezen-plazak segurtasun neurriak "betetzen" dituela ziurtatu du Cristina Sotak eta kasualitatez jazo dela esan du, "horrelakoak milioi batetik behin gertatzen dira eta guri egokitu zaigu".
Erredakzioa
Cristina Sota Tafallako alkate andreak adierazi duenez, "tragedia izan zitekeena, susto handia izan da", atzo Tafallako zezen-plazako harmailetara salto egin zuen zezenari buruz.
Tafallako jaietako errekortarien lehiaketan jazo zen ezbeharra, 18:45 aldera. Sota zezen-plazan zegoen orduan eta tendiduan bizitako "ikara" gogora ekarri du. "Quesero" izeneko zezenak barrera salto egin zuen eta jendez gainezka zegoen harmailetan gora eta behera ibili zen.
Halaber, zaurituen egoera arinaz poztu da alkate andrea eta larri dauden hiru pertsonen egoerak onera egitea espero duela, esan du.
"Kolpe asko izuagatik izan ziren, jende uholdeagatik. Kontusio eta ubeldura gehienak horregatik izan ziren, izan ere, zezenak adarkada bakarra eman zuen", nabarmendu du.
"Egonkor dagoen arren, egoera larrienean" dagoenez, 10 urteko haurra ardura nagusia dela zehaztu du alkate andreak.
Animalia geldiarazten lagundu zuten tendiduko ikusleen "erantzun azkarra" txalotu du Sotak eta baita plazako langileena, errekortariena, foru poliziarena eta udaltzainena ere.
Tafallako zezen-plazako segurtasunari dagokionez, neurriak "betetzen" dituela ziurtatu du Cristina Sotak eta kasualitatez jazo dela esan du, "horrelakoak milioi batetik behin gertatzen dira eta guri egokitu zaigu".