Gizartea -

Ezbeharra

Galdamesko leizean hildako espeleologoa erreskatatzeko lanak, bertan behera

Harriak jausteko aukera handia dagoela egiaztatu dute eta horrek erreskate-lanetan ari diren lagunen bizia arriskuan jarriko luke.

Larrialdi zerbitzuetako langileak Galdamesko kobazuloan. Argazkia: SOS Deiak
Larrialdi zerbitzuetako langileak Galdamesko kobazuloan. Argazkia: SOS Deiak
Bertan behera utzi dute Galdamesen hildako espeleologoaren erreskatea

0:55

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Behin betiko amaitutzat eman dituzte Galdamesko leizean hil zen espeleologo bizkaitarraren gorpua erreskatatzeko lanak, kobazuloan arrakala berriak agertu eta harri gehiago jausi ostean, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.

Espeleologo santurtziarra ostegunean hil zen, harri multzo bat gainera erorita. Orduz geroztik hilotza erreskatatu nahian aritu dira Eusko Jaurlaritzaren larrialdi zerbitzuetako langileak, Ertzaintzako espezialistak, espeleologiako euskal sorospen taldeko kideak eta Asturiasko meatze salbamenduko taldea.

Alabaina, harri gehiago jausteko eta kobazuloan harrapatuta geratzeko arriskua oso handia dela egiaztatu dute eta, ondorioz, lanak etetea erabaki dute.

Areago, erabaki hori hartu aurretik, gaur goizaldean, 04:30 aldera, erreskate-lanak gelditu egin behar izan dituzte zonalderik okerrenean arazoak izan dituztelako. Mugimenduak antzeman dituztela eta zer gertatu daitekeen ez dakitela erantsi dute.

Espeleologoaren familia guztiaren jakinaren gainean dago eta aurrerantzean beharrezkoak diren neurrik hartuko dituzte, horrelakorik berriro ez gertatzeko.

Santurtziko espeleologoa ekainaren 1ean hil zen, Galdamesko leizean, harri ugari gainera erorita.

Hasiera batean bere espeleologia taldeko kideak aritu ziren erreskate-lanetan eta gerora arestian aipatutako taldeak batu ziren. Gau eta egun aritu dira lanean, baina gaur, tamalez, behin betiko utzi behar izan dituzte bilaketa-lanak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Santurtzi Zer gertatu da gaur Bizkaian? Enkarterri Harri-jausiak Gizartea Gaurko azken ordukoa Erreskateak mendian