Gizartea -
Indarkeria matxista
Gizon bat atxilotu dute Bilbon, bikotekide ohiari eraso egitea leporatuta
Gizonak urruntze-agindua urratu eta bikotekide ohiaren etxean sartu zen. Emakumea iraindu ondoren, iletik hartu eta aurpegian ukabilkada bat eman zion.
Agentziak | Erredakzioa
Ertzaintzak 32 urteko gizon bat atxilotu du Bilbon, bikotekide ohia jo eta aizto batekin mehatxu egitea leporatuta. Gizonak emakumearekiko urruntze-agindua zuen.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, igandean, 23:44ak aldera, jaso zuen Ertzaintzak eraso horren berri. Antza denez, gizonak urruntze-agindua urratu eta bikotekide ohiaren etxean sartu zen. Emakumea iraindu ondoren, iletik hartu eta aurpegian ukabilkada bat eman zion. Jarraian, sukaldean sartu zen, eta, aizto bat eskuan zuela, bikotekide ohiari mehatxu egin zion.
Kalez jantzitako ertzainen patruila batek ospitalera eraman zuen emakumezkoa, gizonak egindako zauriak sendatzeko.
_________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.