Gizartea -

EAE eta NAFARROA

12.920 ikasle selektibitate berria egiten ari dira Hego Euskal Herrian

Espainiako Gobernuak LOMCE legea ezarri zuenetik, selektibitatearen ordez unibertsitatera sartzeko proba berria egin behar dute ikasleek.

Selektibitatea. Artxiboko argazkia: EFE
Selektibitatea. Artxiboko argazkia: EFE
EAE eta Nafarroako 13.000 ikasle, urduri Selektibitate berriaren aurrean

1:02

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Batxilergoa amaitu ondoren, guztira 12.920 ikasle egiten ari dira selektibitate berria. Hala, ikasketak abiatzeko bereganatu dituzten ezagutzak neurtuko dira unibertsitatera sartzeko proba horretan, Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) zabaldutako oharretan azaldu dutenez.

Espainiako Gobernuak LOMCE legea ezarri zuenetik, selektibitatearen ordez unibertsitatera sartzeko proba egin behar dute ikasleek. Antzeko ezaugarriak dituzte biek, eta unibertsitate mailako ikasketak egin nahi dutenek bakarrik egin behar dute.

Ekainaren 7an, 8an eta 9an egingo dituzte azterketak EHUko eta NUPeko campusetan. Probak bi fase izango ditu: orokorra eta espezifikoa. Ikasleek bost irakasgai jorratuko dituzte fase orokorrean: Gaztelania eta Literatura, Euskara eta Literatura, Espainiako Historia, atzerriko hizkuntza eta Batxilergoko bigarren mailan aukeratutako beste gai bat.

Azterketa bakoitzean 0tik 10era bitarteko puntuazioa lortu ahal izango dute ikasleek, eta gehienez ere 10 puntu lortu ahalko dituzte irakasgai bakoitzean. Ondoren, Batxilergoan lortutako emaitzak ere kontuan hartuta (azken notaren % 60 balioko du), batez besteko nota aterako da, eta gutxienez 5 puntu atera beharko dituzte aurrera egiteko.

Bestalde, fase espezifikoa dago. Ez da nahitaez egin behar, baina fase orokorrean lortutako emaitza hobetzeko aukera ematen die ikasleei. Batxilergoaren hasieran ikasleek aukeratutako irakasgai zehatzen inguruko gaitasunak neurtuko dira bertan. Lau irakasgai aukeratu ahal izango dituzte fase honetan, eta, gehienez ere, lau puntu lortu ahal izango dituzte. Unibertsitatean egin nahi diren ikasketekin gai horrek duen lotura zuzena kontuan izanda, balioa desberdina izan daiteke, nota horiek haztatu egin behar baitira, 0,1, 0,2 edo 0,3 balioekin biderkatuta.

Aurten, unibertsitatera sartzeko proba egiteko izena eman duten ikasle gehienak (% 55,4) emakumezkoak dira (7.163). Gainerakoak (% 44,6) gizonezkoak (5.757) dira. Ildo horretatik, 7.764 ikaslek euskaraz egingo dituzte azterketak, eta, gaztelaniaz, berriz, 5.156 ikaslek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Hezkuntza Lege Berria albisteak Albisteak Nafarroa EHU berriak EAE albisteak Nafarroako Unibertsitate Publikoa albisteak Gizartea bideoak Gaurko azken orduko albistea Hezkuntzako albisteak 2024