Gizartea -

JOPS operazioa

Droga-trafikoan jarduten zuen talde bat desegin dute Gipuzkoan

Ertzaintzak hamabi pertsona atxilotu eta hainbat droga atzitu ditu.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzaren Gipuzkoako Ikerketa Kriminaleko Lurralde Zerbitzuak (SICTG) drogarekin trafikatzen, indarra erabiliz lapurretak egiten eta lapurtutako objektuak jasotzen aritzen zen "talde kriminal handi bat" desegin du aste honetan egindako operazio batean. Hamabi pertsona atxilotu dituzte, eta beste hamaika ikerketapean geratu dira.

Operazioan zehar, Ertzaintzak kokaina, haxixa, marihuana eta beste hainbat droga atzitu ditu. Horrez gain, atxilotuetako bat 2015ean Astigarragako marihuana plantazio batean izandako erasoan parte hartu zutenetako bat dela uste da; erasoan balaz zauritu zuten pertsona bat.

Sei hilabeteko operazioa

Azken sei hilabeteetan Ertzaintza 'JOPS operazioa' gauzatu du. Ikerketa horren helburua talde kriminal bat desegitea zen. Talde horri hainbat eratako delituak leporatzen zaizkio, besteak beste, indarrez egindako lapurretak, eta, bereziki, droga-trafikoa, eta talde kriminal horren burua, ustez, 22 urtetik 31 urtera bitarteko Errenteria, Andoain eta Astigarragako lau gizonezkok osatzen zuten.

Aste honetan taldeko ustezko lau kideetako hiru atxilotu dituzte, eta laugarrena aurretik zegoen espetxean beste gertakari batzuengatik. Ondoren, beste hiru pertsona atxilotu zituzten, 38 eta 39 urteko bi gizonezko eta 40 urteko emakumezko bat, guztiak Donostian bizi direnak, ikertzen ari ziren taldeari substantzia estupefazienteak, eta, zehazki, kokaina, hornitzea leporatuta.

Era berean, hamar miaketa egin dituzte, eta hainbat substantzia estupefaziente eta horiek manipulatzeko tresnak aurkitu dituzte. Esate baterako, Donostian, Altza auzoko etxebizitza batean, egindako miaketa batean kokaina prestatzeko eta beste substantzia batzuekin nahasteko erabiltzen zuten laborategia desegin dute agenteek. Bertan, drogaz gainera, hainbat erreminta eta produktu kimiko ere aurkitu dituzte.

Hainbat droga

Substantzia estupefazienteei dagokienez, 3.050 gramo kokaina, 3.500 gramo haxix, 2.000 gramo marihuana, 50 gramo ketamina eta MDMA pilulak (estasia) atzeman dituzte, baita drogarekin nahasteko erabili ohi den hainbat substantzia eta tresna ere: prentsa hidraulikoak, ontziratzeko makinak, doitasunezko balantzak eta produktu kimikoak. Azkenik, 9 mm-ko kalibreko suzko arma bat, 25 kartutxo eta isilgailu bat ere aurkitu dituzte.

OPERACUION ANTIDROGA GIPUZKOA FOTO: ERTZAINTZA

OPERACUION ANTIDROGA GIPUZKOA FOTO: ERTZAINTZA

Operazioan atzitutako drogak. Argazkia: Ertzaintza

Bestalde, banatzeko xedearekin beste pertsona batzuei egindako emateen ondorioz, beste sei pertsona atxilotu dituzte ikerketan zehar, emakumezko bat eta bost gizonezko. Horietako hiru Gipuzkoan atxilotu dituzte, eta gainerakoak Zaragozan eta Madrilen. Madrilen atxilotu duten gizonezkoa espetxean sartu zuten epailearen aurrera eraman ondoren.

Beste zenbait delitu

Bestalde, ikerketaren ondorioz eskuratutako datuetan oinarrituta, talde kriminaleko kideetako bati "ustezko homizidio ahalegina" leporatu ahal izan zaio, hain zuzen ere, 2015eko urrian Astigarragako baserri batean gertatutakoa, armak zeramatzaten hainbat pertsonak, marihuana sorta bat bereganatzeko asmoz, baserriari eraso egin ziotenean. Droga zaintzen ari zen pertsona bat balaz zauritu zuen erasotzaileetako batek.

Ikerketaren bidez egiaztatu ahal izan denez, bandak suzko hainbat arma erosi zituen Frantzia hegoaldean 2015ean, horien artean 22ko kalibreko bi errifle, bai eta balen aurkako txalekoak, errifleentzako isilgailuak eta optikoak, borra luzagarriak, defentsa elektrikoak eta defentsarako aerosolak ere.

Ikerketei esker taldeak erabiltzen zituen eta Zarautzen eta Eibarren lapurtu zituzten bi ibilgailu ere berreskuratu dituzte, eta Gasteizen eta Etxarri-Aranatzen (Nafarroa) bi etxebizitzatan egindako bi lapurreta eta Donostiako Kirol Patronatuaren instalazioetan indarra erabiliz egindako beste lapurreta bat ere argitu dituzte.

Era berean, Donostiako establezimendu batean egindako beste miaketetako batean, lapurtutako hainbat objektu aurkitu dituzte agenteek, hala nola, ontzi-garbigailu industrial bat, terrazako berogailu bat, labe bat, etab., guztiak ere ustez talde kriminalak lapurtu edo errezibituak.

Datozen asteotan ikerketapean dauden beste hamaika pertsona deituko dituzte epailearen aurrera. Talde kriminaleko kideek emandako substantzia estupefazienteen banatzaile txikiak dira, substantziak kontsumitzaileei banatzen zizkietenak.

Donostiako 2. Instrukzio Epaitegiko epaile magistratuaren aurrera eraman ondoren, atxilotutako gizonezkoetako bi espetxean sartu dituzte, eta beste hiru gizonezkoak eta emakumezkoa aske geratu dira eta hilero agertu beharko dute epaitegira. Epailearen aginduz emakumeari erretiratu egin diote pasaportea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako azken albisteak Ertzaintza Gipuzkoa Drogak albisteak Errenteria argazkiak Andoain argazkiak Astigarraga bideoak Albisteak