Gizartea -
2. edizioa
Axel Casasek jaso du EITB Trending Saria
EITB Trending sari berriak Interneteko talentu gazteak saritu nahi ditu.
I.S.
FesTVal-ek eta EITBk Interneteko talentu gazteak saritzeko EITB Trending Saria sortu dute. Axel Casas donostiarra izan da aurtengo irabazlea.
Casas Interneteko fenomeno bihurtu da bere bideo komikoei esker. Gaur egun, donostiar gazte honek El Terrat-ek Youtube katean emititzen duen saio batean egiten du lan.
Bestalde, Jesus Vazquez aurkezleak eta Julia Otero kazetariak Joan Ramon Mainat saria jaso dute jaialdiaren bigarren edizio honetan. FesTVal-ek "Gran Hermano" saioa ere saritu du, telebista genero berri bat sortzeagatik.
Jaialdiaren lehenengo edizioan, iaz, Joan Ramon Mainat telebista ekoizleari omenaldia egin zioten, bere izena duen saria emanez. FesTVal-en antolatzaileek telebistan eta irratian gehien nabarmendu diren profesionalak saritzeko sortu zuten ekoizle katalanaren izena duen saria.
Gasteizko Irrati eta Telebista jaialdian Pasión de Criticos sariak ere banatu dituzte. Aurten, "Gran Reserva" lanak urteko ekoizpen-lan onenaren saria jaso du; Eduard Punset-en Redes lanak saiorik interesgarrienarena, eta "El intermedio" saioak, jostagarrienarena.