Gizartea -
Eguraldia
Bizkaia eta Gipuzkoa, alertan beroagatik; Araban, abisu horira jaitsi dute
Atzoko ekaitzaren ondorioz, tenperatura espero baino gehiago jaitsi da Araban.
E.G | EITB.EUS
Bizkaia eta Gipuzkoa alerta laranjan daude astelehenetik tenperatura altu iraunkorrengatik. Araban, berriz, alerta maila jaistea erabaki du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, eta abisu horia ezarri du.
Izan ere, bart izandako ekaitzaren ondorioz, tenperatura aurreikusitakoa baino gehiago jaitsi da Araban.
Sargori egingo du, dena den. Goizaldea epela izan da Bizkaian eta Gipuzkoan, eta ez du ia freskatu. Hala, 20 ºC inguruko minimoak erregistratu dira ia lurralde guztian. Euskalmetek EAEko hainbat tokitan dituen estazio meteorologikoek bildutako datuei erreparatura, 08:00etan 21,5 ºC zeuden Miramonen (Donostia) eta 22,5, Deustun (Bilbo).
Astearte honetarako zeru oskarbiak eta 30 eta 35 ºC arteko maximoak espero ditu Euskalmetek. Haizea hegotik joko du, eta kostaldean, brisa sartuko da arratsaldean. Azken orduan, bero-hodeiak sortuko da, eta baliteke zaparrada trumoitsu batzuk eta txingorra botatzea, bereziki barnealdeko eskualdeetan.
Hain justu, prezipitazio handiak egiteko arriskua dela eta, abisu horia ezarri du Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak gaur arratsalderako, Araban. Abisua 15:00etatik gauerdira arte egongo da indarrean. Arabako zenbait lekutan ordubetean metro koadroko 15 litro baino gehiago pila daitezke, Euskalmeten arabera. Ekaitz-guneetan haize-boladak gogorrak edo oso gogorrak izan daitezke, ohartarazi dutenez.
Astelehenekoa egun beroa izan zen, inondik inora, eta estazio meteorologikoek emandako datuak dira horren lekuko. Marka Alegian izan zuten, Gipuzkoa barnealdean: 40,2 ºC-ra igo zen termometroa. Barnealdean estutu zuen sargoriak (37,3 ºC, Arrasaten, berbarako), baina kostaldean ere izan ziren tenperatura altuak (Miramongo estazioan 37 ºC erregistratu zituzten).
Beroaldiak asteazkenera arte iraungo du. Are, oraindik gehiago igoko dira termometroak. Hala, beroenak 35 ºC-ra hurbilduko dira kostaldean, eta barnealdean eta hegoaldean 35-38 ºC artekoak izango dira. Zerua oskarbi egongo da ia egun osoan. Arratsaldean, bero-hodei batzuk garatuko dira barnealdeko mendi inguruetan. Haizeak hegoaldetik joko du, eta kostaldean brisa sartuko da, baina oso leun.
Ostegunean, antizikloia sartuko da Azores uhartetatik eta haizea iparraldetik finkatuko da. Horri esker, giroa dezente freskatuko da, barnealdean eta hegoaldean bero egiten jarraituko badu ere. Litekeena da larunbaterako bero kontuak amaitzea.