Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Emakunderen kanpaina jaietarako: 'Alkohola eta jaia ez dira aitzakia'
Jai giroan berdintasun eta errespetu jarrerak sustatzeko eta sentsibilizatzeko materiala zabaldu du udaletan.
agentziak | erredakzioa
Emakundek iragarri du 'Jaietan ere Beldur Barik jarrera' kanpaina jarri duela abian jai eta aisialdi giroan sexu-erasoak saihesteko helburuarekin.
Emakundek prentsa-ohar batean azaldu duenez, Beldur Barik egitasmoaren barruan sartzen da ekimena, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiekin eta Eudelekin elkarlanean gazteen artean jarrera sexistak galarazteko martxan jarri duen egitasmoaren barruan, alegia.
"Jaietako eraso sexisten prebentzioa herritarren eta erakundeen kezka da, herri mailan bereziki, gertutasunagatik", gogorarazi du erakundeak.
Beldur Barik programaren barruan, sentsibilizazio materiala jarri da udalen esku jaietan ere errespetuan, berdintasunean eta autonomian oinarritutako jarrerak sustatzeko. Hala, kartelak, pegatinak eta tabernetan, dendetan eta txosnetan jartzeko musika 'playlist' bat jarri dituzte udalen esku.
"Alkohola, edo jaia bera, ez dira aitzakia gizonen eta emakumeen, mutilen eta nesken, arteko harremanak errespetuzkoak izan ez daitezen, emakumeak sexu-objektu gisa tratatzeko", berretsi du.
_________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.