Gizartea -

Asteazkenetik aurrera

Asegururik ez duten ibilgailuek zirkulazio-baimena galduko dute, EAEn

Ibilgailuen Azterketa Teknikoa egiten duten zentroetan, fitxa teknikoarekin batera, beharrezko asegurua indarrean dagoela erakusten duen agiria aurkeztu beharko da.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) erregistratuta dauden ibilgailu guztiek erantzukizun zibileko beharrezko asegurua duten kontrolatzeko sistema berria jarriko du martxan bihartik aurrera Eusko Jaurlaritzak. Baldintza hori betetzen ez bada, zirkulazio-baimena galduko dutela ohartarazi du.

Industria Sailak komunikatu baten bidez jakitera eman duenaren arabera, azterketak egiteko toki horietara joaten diren gidariek, ibilgailuaren fitxa teknikoarekin batera, beharrezko asegurua indarrean dagoela erakusten duen agiria aurkeztu beharko dituzte.

Baldintza hori ez betetzea akats larritzat hartuko da, eta ibilgailuen jabeek 30 eguneko epea izango dute aztertokira berriro joateko eta, doan, asegurua indarrean duela erakusteko.

Epe horretan, ibilgailu horiek bide publikoetatik ibiltzeko gaitasunik gabe egongo dira, garajera eramateko eta aztertokira bueltatzeko izan ezik.

Jabeek akats hori 60 eguneko epean konpondu ezean, ibilgailuaren azterketa teknikoa ez da gainditutzat hartuko, eta Trafikori emango diote horren berri.

Gainera, Eusko Jaurlaritzak jakitera eman duenez, Ertzaintzaren agenteek errepideetan beharrezko asegururik ez duen ibilgailuren bat harrapatzen badute, 200 euroko isuna jarriko diote jabeari eta zirkulatzeko baimena kenduta duela erakusten duen dokumentu bat emango diote.

Baimena berreskuratzeko, kaltedunak akatsa konpondu eta ibilgailuen azterketa teknikoa egiten duen zentro batera joan beharko du berriro.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea