Gizartea -

Gasteiz

Gaur hasiko da FesTVal jaialdiaren II. edizioa

Telebistako eta irratiko formatu guztiei eskainitako jaialdi bakarra da Gasteizkoa. EITB-k, programazio berria eta "El Conquistador del Aconcagua" reality berria aurkeztuko ditu.

25

E.O.

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Irailaren 5era Gasteiz telebistaren eta irratiaren hiriburua izango da. EITB-k anfitrioi lanak egingo ditu FesTValen; telebistako eta irratiko formatu guztiei (programak, lehiaketak, magazinak, telesailak...) eskainitako lehen jaialdian.

Jaialdira hurbiltzen diren guztiek zuzeneko telebistaz gozatu; eta telesail eta programa desberdinetako protagonistak ezagutzeko parada izango dute. Horretaz gain, denboraldi berriko puntako telesail eta programak estreinatuko dira, lanbideko profesionalekin topaketa kulturalak eta zuzeneko emisio eta emanaldiak egongo dira... Programa eta profesional esanguratsuenak omendu eta sarituko ditu FesTValek, gainera.

Principal Antzokiak hartuko ditu jaialdiaren inaugurazio eta amaiera ekitaldiak. Estreinaldien proiekzioak, berriz, Guridi zinema aretoetan egingo dira. Goiuri Jauregian eta hiriko Alde Zaharrean ere jarduera desberdinak bilduko dira: topaketa kulturalak, umorezko bakarrizketak eta zuzeneko emankizunak, besteak beste.

ETB

ETB-k irailaren 1ean 2010-2011ko programazio berria aurkeztuko du. Hiriburuko Plaza Barrian ospatuko den ekitaldira ETBko aurpegi ezagunenak hurbilduko dira eta bertaratzen diren guztiek David de Jorge sukaldariak prestaturiko hamaiketako zoragarriaz gozatu ahal izango dute.

Gainera, irailaren 3an Gasteizen ETB-ren “El Conquistador del Aconcagua” realitya aurkeztuko da. Programa Julian Iantzik aurkeztuko du eta Juanito Oiartzabal mendizalea izango da espedizio-buru. Urriaren hasieran estreinatuko den saioko partaideen helburua Ameriketako mendirik altuenera igotzea izango da.

Etxeko txikienek ere jaialdiarekin gozatu ahal izango dute, ETB-3k bigarren edizio honetarako umeentzako euskarazko programazio proposatzen baitu. Goizero, 12:00etatik aurrera, Guridi aretoetan, telesailak eta marrazki bizidunak eskainiko dira dohainik.

Bestalde, aurten “ETB Trending Saria” banatuko da lehenengo aldiz. Ikus-entzunezko generazio berriek Interneten egiten dituzten lan nabarmenak sarituko dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Eguneko albisteak Albisteak