Gizartea -

TRAFIKOA

1,7 milioi ibilgailuk baino gehiagok zeharkatuko dute Euskadi uda honetan

Eusko Jaurlaritzak hainbat neurri hartuko ditu, trafiko handia aurreikusten den egunetan ibilgailuen joan-etorria arintzeko.

Trafikoa
Trafikoa
Trafikoa

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Uda honetan 1.790.000 ibilgailuk baino gehiagok zeharkatuko dute Euskal Autonomia Erkidegoa, iaz baino % 2 gehiagok. Europatik hegoalderantz doan trafikoa eta bertakoa batuta aurreikusi du kopuru hori Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak.

Sonia Diaz de Corcuera Trafiko zuzendariak eman ditu udako trafiko operazioaren inguruko datuak, gaur goizean, Bilbon egin duen agerraldian. Datorren ostiralean abiatuko da irteera operazioa, 15:00etan, eta irailera arte, hainbat neurri ezarriko ditu Jaurlaritzak EAEko errepide sarean, autoen joan-etorria arintzeko eta gidarien segurtasuna bermatzeko.

Diaz de Corcuerak azpimarratu duenez, uztailaren amaieran eta abuztuaren hasieran espero da trafiko gehien. Itzulera operazioa arinagoa izango dela uste dute trafiko arduradunek, abuztuko azken bi asteetan egingo baita, joan-etorriak egun gutxi batzuetan pilatu gabe.

Zuhurtzia, pazientzia eta errespetua eskatu dizkie Jaurlaritzako Trafiko buruak gidariei. Horren hitzetan, Ertzaintzak dispositibo berezia abiatuko du ostiral honetan bertan, trafikoa zaintzeko: 550 agentek egingo dute lan udako trafiko operazio berezian.

Gune gatazkatsuak

Arreta berezia jarriko du Jaurlaritzak ohiko trafiko arazoak sortzen diren lekuetan: A-8 autobidean, Kantabriako noranzkoan; Biriatuko mugan; AP-1ean, Armiñon parean; N-622 errepidean, AP-1erako sarreran, Gasteizen; eta N-622 errepidean, Burgoseko noranzkoan.

Gune horietan eta beste hainbat lekutan neurri bereziak jarriko ditu Trafiko Zuzendaritzak, trafikoa arintzeko. Besteak beste, errei gehiago irekiko dituzte eta seinaleztapena areagotuko dute gune estrategikoetan.

'Badugu arriskuen berri. Arduratsuak izan gaitezen' lelopean, kontzientziazio kanpaina bat ere jarriko du martxan Jaurlaritzak, abiadura mugak errespeta daitezen, eta droga eta alkohol kontsumoak eragindako istripuak ekiditeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko istripuak Bizkaian Trafikoa Zer gertatu da Bizkaian? Gipuzkoako albisteak Araba Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gizartea Arabako trafiko telefonoa Trafikoko web-kamerak Gasteizen Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Uda hoy