Gizartea -
Bilbo
Zorrotzan erretako etxearen jabeek eraistearen zati bat ordaindu behar dute
Bi aukera izango dituzte ordaintzeko: desjabetzeagatik eman behar dieten dirutik kendu edo Ekonomia eta Ogasun Sailarekin epekako ordainketa adostu.
agentziak | erredazioa
Zorrotzan kiskali zen etxearen jabeei eraistearen zati bat ordaintzea eskatuko die Bilboko Udalak. Landa guneko etxea kiskali zuen sutearen ondorioz bost pertsona hil ziren, lau egunean bertan eta, bosgarrena, ondoren, ospitalean.
Gertakariaren unean helbide horretan erroldatutako 14 pertsonetatik 11 etxebizitzen jabeak dira, eta haiei dagokie eraikin osoaren seiren bat.
Asier Abaunza Hirigintza Saileko zinegotzi ordezkariak atzo, astelehena, PPk eskatutako agerraldi batean adierazi zuenez, Udalak bi aukera emango die jabeei ordainketa egiteko; alabaina, oraindik ez dakite zehatz-mehatz zenbat.
Udalak bi aukera emango die jabeei: desjabetzeagatik eman behar dieten dirutik ordaindu beharrekoa kendu edo Ekonomia eta Ogasun Sailarekin epekako ordainketa adostu.
Abaunzaren esanetan, oraindik ez dago argi zerk eragin zuen sua, ikerketa 'sub iudice' (epailearen esku) egoeran baitago; edonola ere, adituen ikerketen arabera, sutea "erakinaren beheko eskaileren azpian" piztu zen, eta ondoren ganbararaino heldu.