Gizartea -
Indarkeria matxista
Gizon bat atxilotu dute sexu abusuengatik, sanferminetako 7. egunean
Ukitu batzuen ustezko egilea atzeman dute bart Nafarroako hiriburuan, eta sexu abusuen delitu baten egilea 2.160 euro ordaintzera kondenatu dute.
Agentziak | Erredakzioa
Babes Zibileko Iruñeko Batzarrak gaur goizean eginiko bileran jakin duenez, sanferminetako zazpigarren egunean sexu abusuen (ukituak) beste salaketa bat egon da, eta horien ustezko egilea atxilotu dute.
Salaketa honekin, sexu abusuen, larderia edo indarkeria erabili gabe eginiko erasoen, hamaika salaketa egin dituzte guztira Iruñeko jaiak hasi zirenetik. Sexu eraso bat ere egon da, larderia erabiliz eginiko ukituak izan baitziren.
Babes Zibilak emandako datuen arabera, bederatzi pertsona atxilotu dituzte eraso horien ustezko egileak direlakoan.
2.160 euroko isuna
Bestalde, Iruñeko Instrukzioko 2 zenbakiko Epaitegiak 2.160 euroko isuna ezarri dio atzo Iruñeko taberna batean sexu abusuen delitu bat egin zuen gizonari.
Ebazpenean frogatutzat ematen da gizon hori San Nikolas kaleko taberna batean zegoela uztailaren 12ko 02:30ean eta, “lokalean jendetza zegoela baliatuta”, emakume batengana gerturatu zela, haren atzetik, “ipurdia ukitu eta alde egiteko”.
Segundo batzuk geroago, idatziak eransten duenez, “ipurmasailari indarrez oratu” eta berriz alde egin zuen, hirugarrenez itzuli eta gauza bera egin aurretik.