Gizartea -

Indarkeria matxista

Bi gizon atxilotu dituzte Gasteizen, bikotekideei eraso egitea egotzita

Asteartean atxilotutako erasotzaileetako batek bi labana, guraizeak eta aihotza zeramatzan gainean. Emakumeen kontrako indarkeria delitua leporatu diote.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko Udaltzaingoak 28 urteko gizon bat atxilotu du Arabako hiriburuan, bikotekide ohiari irainak eta mehatxuak egin izana leporatuta. Halaber, azken orduotan 19 urteko beste mutil bat atxilotu dute Gasteizen, bikotekideari eraso egitea egotzita.

Gasteizko Udalak ohar baten bidez jakinarazi duenez, 02:30ak aldera atxilotu zuten 19 urteko erasotzailea, 092 larrialdi zerbitzuak gertatutakoaren berri eman zuen dei anonimo bat jaso ondoren. Lekuko horrek adierazi zuenez, erasoa Gasteizko Alde Zaharrean izan zen, atari batean.

Lekura hurbildu zen patruilak 13 urteko mutiko bat aurkitu zuen kalean. Orduan, bere amak erasoa pairatu zuela eta erasotzailea (haren bikotekidea) ihes egin zuela azaldu zien lekura hurbildu ziren udaltzainei. Emakumearen etxera igo zirenean, aurpegia odolez eta zauriz beteta zuela ikusi zuten.

Geroago, haren semeak esandakoa berretsi zuen emakumeak, eta erasotzailearen inguruan emandako datuei esker, Gasteizko Udaltzaingoaren beste patruila batek Aldabe gizarte etxean aurkitu eta atxilotu zuen.

Asteartean, 28 urteko beste gizon bat atxilotu zuen Gasteizko Udaltzaingoak, emakumeen kontrako indarkeria delitua leporatuta. Udalak azaldu duenez, Arana kaleko lokal batean egin zion eraso bere bikotekide ohiari. Lekuko batek 092 larrialdi zerbitzura deitu zuen, zerbitzariak gizon batekin “arazoak” zituela esanez.

Emakumeak bere bikotekide ohia zela azaldu zien udaltzainei. Gizonezkoa mozkor zegoen, eta denbora guztian zehar irainak eta mehatxuak egin zizkion emakumeari.

Erasotzaileak bi labana, guraizeak eta aihotza zeramatzan gainean. Agenteek emakumeari mehatxu egiteko erabili zituen tresna guztiak konfiskatu zizkion, baina, ezustean, horiek berreskuratzen ahalegindu zen. Arrazoi horregatik, gizonari eskuburdinak jarri zizkioten udaltzainek.

Bere egoera kontuan izanda, lekuan zeuden udaltzainek anbulantzia bat eskatu zuten, eta erasotzailea ospitalera eraman zuten. Hala, emakumeak gertatutakoaren nondik norakoak azaldu ostean, gizona atxilotu eta epailearen aurrera eraman zuten.

_________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Emakumeak tratu txarrak Indarkeria matxista Euskal Autonomia Erkidegoa Delituak argazkiak Gizartea albisteak Gasteiz Gaurko azken orduko albistea