Gizartea -
30.000 landare zituzten
Drogaren aurkako operazioa: sare bateko bi kide atxilotu dituzte Bizkaian
Guztira, 31 pertsona atxilotu dituzte, ia guztiak txinatarrak, marihuana landatu eta, ondoren, Erresuma Batura bidaltzea leporatuta. Polizia-operazioen aurkako "asegurua" zuten.
agentziak | erredakzioa
Guardia Zibilak eta Polizia Nazionalak marihuana landatu eta, paketeak bidaltzeko enpresen bidez, Erresuma Batura bidaltzen zuen sare bat desegin dute. 31 pertsona atxilotu dituzte, gehienak txinatarrak, horietako bi Bizkaian atxilotu dituzte, eta, gainera, 30.000 landare atzeman dituzte, 15 lokaletan.
Segurtasun indarretako talde horiek Zerga Agentziaren funtzionarioekin batera egindako operazioaren ondorio da. 21 miaketa egin dituzte aldi berean, industria pabiloi eta luxuzko etxeetan, Bizkaian, Burgosen, Valladoliden, Leonen, Zamoran, Salamancan, Madrilen eta Guadalajaran. Lokal horiek marihuana hazteko egokitzen zituzten.
Operazioa egin aurretik, agenteek 6.500 landare eta kontsumorako prest zeuden 36,7 marihuana kilo atzeman zituzten bi etxebizitzatan eta pabiloi batean.
Ondoren, operazioa martxan zegoenean, beste 22.000 landare, 45.000 euro, pistola bat, 92 kartutxo eta dirua zenbatzeko makina bat topatu dituzte.
Guztira, 31 pertsona atxilotu dituzte, Sevillan zegoen bandaren buruzagi nagusietako bat barne, osasun publikoaren aurkako delitua, argindarrean iruzurra egin, organizazio kriminal baten kide izan eta armak modu ilegalean edukitzea leporatuta.
Sareak lapurtutako nortasun agiria erabiltzen zuen autoak eta alokairu zein argindarrerako kontratuak lortzeko. Horrek, zeharo zaildu du identifikazioa. Bandaren barruan, zereginak oso bereizita zeuden, besteak beste, "lortzaileak", "muntatzaileak", "kultibadoreak" eta "zaintzaileak".
"Lortzaileek" etxeak eta pabiloiak lortu eta alokatzen zituzten. Etxe isolatuak ziren, jarduera gutxi izaten zutenak. "Muntatzaileen" lana landaketarako lekua prestatzea zen, egun gutxitan, susmorik txarrik ez sortzeko.
Bestalde, "kultibadoreek" haziak, loreontziak eta gainerako materiala lortzen zituzten.
Azkenik, maila baxuenean, "zaintzaileak"; horiek landareak zaindu eta lapurretak saihesten zituzten, eta, hori dela eta, ez ziren lokaletatik inoiz irteten.
Organizazioaren asmoa azken maila horretan zeuden pertsonen ordez vietnamdarrak jartzea zen; izan ere, 31 atxilotuetatik bi Vietnamgoak dira.
Sareak, gainera, segurtasun sistema propioa zuen: ukrainarrez osatutako talde armatua zen, banda etsaien erasoei aurre egiteko. Gainera, kolaboratzaile sare handi batekin egiten zuten lan, droga paketeak bidaltzeko enpresen bidez egiteko, 15 kilotik beherako paketeak betiere.
Horrez gain, asegurua zuten, eta, horrela, polizia-operazioek eragindako galerak konpentsatzen zizkieten.