Gizartea -
TRAFIKOA
Normaltasuna euskal errepideetan, goizeko auto-pilaketak amaituta
Hainbat kilometroko auto-ilarak sortu dira, goizean goizetik, zenbait tokitan, baina ez da istripu aipagarririk izan.
EITB.EUS
Abuztuko irteera operazioa dela eta, goiz korapilatsua izan da gaurkoa euskal errepide sarean. Hainbat kilometrotako auto-pilaketak sortu dira Biriatun, Zarautzen, Irunen, Elgoibarren eta Armiñonen, denak hegoalderako noranzkoan.
Gipuzkoan izan dira ilara luzeenak. Elgoibarren, AP-8aren eta AP-1aren arteko lotunean 14 kilometrorainokoak izan dira ilarak. Irungo eta Zarauzko ordainlekuetan, berriz, 7 kilometroko pilaketak sortu dira. Biriatun ere, auto-ilarak sortu dira, goizean goiz.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak jakitera eman duenez, 13:00ak alderako egoera bere onera etorri da errepide gehienetan, gorabehera txiki batzuk tarteko.
Araban, Armiñon parean izan dira trafiko arazoak, 5 kilometrorainoko auto-ilarekin. AP-1ean eta N-622 errepideetan trafiko handia egon da, eguerdian zerbait arindu bada ere.
Bizkaian ere, Kantabriarako noranzkoan, trafikoa handia izan da, baina ez da egon aparteko pilaketarik.
Segurtasun sailaren arabera, ibilgailuen joan-etorria handia izan bada ere, ez da istripu aipagarririk gertatu.