Gizartea -
Araba
Roberto Ruiz atleta gasteiztarra hil da, lurrera erori ostean Navaridasen
13:20ak aldera izan da ezbeharra, A-3212 errepidean. Ikerketa zabalik dago, baina lehen datuen arabera badirudi ez dela zirkulazio-istripua izan.
Agentziak | Erredakzioa
Roberto Ruiz 48 urteko atleta gasteiztar ezaguna hil da igande honetan, Arabako Navaridas udalerrian, bizikletatik lurrera erori ostean hartutako kolpearen eraginez, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar baten bidez jakinarazi duenez. Besteak beste, Gasteizko La Blanca klubeko presidente izan zen Ruiz.
13:20ak aldera izan da ezbeharra, oraindik argitzeke dauden arrazoiak direla eta. Segurtasun Sailak azaldu duenez, atleta gasteiztarra bizikletatik erori da eta kolpe handia hartu du.
Istripua A-3212 errepidean izan da, 63. kilometroaren parean. Lekura anbulantzia bat hurbildu da, eta medikuek hura suspertzen ahalegindu diren arren ezin izan dute ezer egin.
Ikerketa zabalik dago, baina lehen datuen arabera badirudi ez dela zirkulazio-istripua izan, ez baita autorik izan tartean. Gauzak horrela, ondoeza izan ostean edo kolpe baten ondorioz hil den argitu behar dute.
Ildo horretatik, Gasteizko La Blanca klubak atsekabea agertu du sare sozialetan, "albiste txar" horren berri izan ostean. Roberto Ruiz atleta ezaguna zen eta klub horretako presidente izan zen. Halaber, 'running' taldeen entrenatzaile gisa aritu zen.
Gertatutakoaren berri izan ostean, Arabako zein kanpoko kirolariek "atsekabea" agertu dute sare sozialetan. Hala, Martin Fiz maratoilariak Twitter bidez zabaldutako mezu batean, doluminak helarazi dizkio sendiari.