Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
15 urteko mutil bat atxilotuta, 9 urteko neskato bati abusuak egiteagatik
Nerabea Iruñeko Adingabeen Fiskaltzaren aurrean agertu beharko da, horra igorri baitute foruzainek gertatutakoaren txostena.
agentziak | erredakzioa
Foruzaingoak 15 urteko mutil bat atxilotu du orain dela gutxi, 9 urteko neskato bati sexu-abusuak egitea leporatuta.
Osasun etxetik eman zuten gertatutakoaren berri, sexu-erasoa izan zuen neskatoa aztertu ostean. Jasandakoa baieztatu zutenean, Foruzaingoa jakinaren gainean jarri zuten.
Poliziek, orduan, sexu izaerako delituen biktima den heinean dagozkion eskubideak eta laguntza juridikoa zeintzuk diren azaldu zizkioten amari. Hala, salaketa aurkeztu zuen amak, txosten medikua aurkeztuta. Auzia zabalik dagoen bitartean babes neurriak ezarri eta urruntzeko agindua ere ebaztea eskatu zuen, Foruzaingoak ohar baten bidez adierazi duenez.
Informazioa jaso ondoren, mutila atxilotu eta adingabeentzako zentro batera eraman zuten. Gutxi barru, nerabea Iruñeko Adingabeen Fiskaltzaren aurrean agertu beharko da, horra igorri baitute ikertzaileek gertatutakoaren txostena.
_________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.