Gizartea -

Emakumeen aurkako indarkeria

Villabonako emakume bat hil dute Caceresen eta Poliziak senarra atxilotu du

Senarra San Pedro de Alcantara ospitalera eraman zuten arma zuriz egindako zauriengatik artatzera. Villabonako Udalak elkarretaratzea deitu du ostiral honetarako.

Arroyo de la Luz herrian izan dira gertaerak, Caceresen. EFE
Arroyo de la Luz herrian izan dira gertaerak, Caceresen. EFE
Sofia Tato Villabonako emakumea hil du, ustez senarrak, Arroyo de la Luzen

1:01

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jaiotzez Villabonakoa zen 42 urteko emakume bat labankadaz hil du ostegun honetan, ustez bere senarrak, Cacereseko Arroyo de la Luz herrian, Espainiako Gobernuak Extremaduran duen ordezkariak azaldu duenez.

Iturri berak azaldu duenez, hilketa osteguneko 07:00ak aldera izan zen, etxean izandako eztabaida baten ostean. Bikotea Escobar kalean bizi zen, erdigunetik oso gertu, auzokideek azaldu dutenez.

Hilketa atzo izan zen, Arroyo de la Luzen (Caceres). Ustezko erasotzailea, biktimaren senarra (42 urte ditu), Cacereseko San Pedro de Alcantara ospitalera eraman zuten arma zuriz egindako zauriengatik artatzera. Guardia Zibilak zaintzen ari dira. Senarrari ebakuntza egin diote, eta egonkor dago. Hainbat zauri zituen; horietako bat 3 zentimetrokoa zen, arma zuriak egina, eta ezkerreko alde torazikoan zegoen, pneumotoraxekin.

Bizilagunek azaldu dutenez, bikotea duela 14 urte ezkondu zen. Gizonezkoa Arroyo de la Luzekoa da, eta emakumea Villabonan jaio zen, baina gaztetatik Caceresko udalerri honetan ematen zituen udak. Senar-emazteek bi sema-alaba dituzte, Guardia Zibilak azaldu duenez. Ustezko genero-indarkeria moduan tratatzen ari da gaia.

Emakumeak ez zuen salaketari jarri genero-indarkeriagatik.

Gipuzkoak hilketa gaitzetsi du

Gipuzkoako Aldundiak Villabonako emakumearen hilketa gaitzetsi du, eta  indarkeria matxista “egiteko asko geratzen den gaia” dela adierazi du.

Foru Aldundiak ohar batean biktimaren inguruari babesa erakutsi dio eta familiarren esku jarri da, izan dezaketen edozein beharrizanetan.

'Gizon eta emakumeen artean oraindik dauden aldeen islarik larriena da indarkeria matxista', eta 'oraindik badago zer eginik, asko gainera', adierazi du Imanol Lasa Gipuzkoako Foru Aldundiaren bozeramaileak.

Horregatik, herritarrei deitu die 'guztion artean, konpromiso kolektibo eta pertsonala hartzeko'; halaber, eskatu du 'erreakzionatzea' indarkeria matxistako edozein zantzuren aurrean.

Villabonako Udalak gaitzespena agertzeko elkarretaratzea deitu du ostiralerako, 19:00etan, Errebote Plazan. Aurretik, beste martxa bat egingo da herrian, helburu horrekin berarekin.

Arroyo de la Luzeko Udalaren osoko bilkurak bi dolu-egun dekretatu ditu.

Orain arte, 36 emakume hil dira genero-indarkeriagatik Estatuan 2017an

Villabonako emakumearen hilketarekin, 36 emakume hil ditu, orain arte, genero-indarkeriak, 2017an; gainera, beste hiru kasu ikertzen ari dira.

________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista gaur Gipuzkoako albisteak Delituak albisteak Espainia bideoak Gizartea albisteak Indarkeria matxista Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Matxismoa gaur Krimenak azken ordukoa Villabona bideoak