Gizartea -

Emakumeen aurkako indarkeria

Zazpi atxilotze astebete baino gutxiagoan indarkeria sexistagatik Nafarroan

Erasoak Murchante, Tutera, Erriberri, Figarol, Atarrabia eta Noainen izan dira. Atxiloketok foruzainek eta udaltzainek egin dituzte.

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iruñea, Tafalla eta Tuterako foruzainek zazpi salaketa jaso dituzte azken egunotan emakumeen aurkako indarkeriagatik eta tratu txarrak etxe barruan emateagatik. Zenbait kasutan, delituak egin diren lekuetako udaltzainek ere esku hartu dute.

Foruzaingoak hedabideei zuzendutako ohar batean adierazi duenez, asteartean, emakume gazte batek salaketa aurkeztu zuen Tuterako polizia-etxean, bere bikotekideak eraso ziolako. Gertaera Murchanten izan zen, aurreko egunean, gaztea beste lagun batekin zegoela. Une batean, bere bikotekidearekin topatu zen (20 urtekoa) eta eztabaida hasi zuten eta, halako batean, emakumeak kolpeak eta irainak pairatu zituen. Gainera, erasotzaileak bultzatu eta koska ere egin zion. Biktima Tuterako Sofia Erregina Ospitalera joan zen, eta geroago salaketan aurkeztu zuen medikuen txostena egin zioten. Ustezko erasotzailea handik gutxira atxilotu zuten, genero indarkeria delitua egotzita.

Ostegunean, zerbitzutik kanpo zegoen foruzain bat eraso baten lekuko izan zen Tuteran. Kalean zegoela, bikote bat eztabaidatzen hasi zen beroaldi batean. Bat-batean, gizonezkoak gogor heldu zuen emakumea eta hormaren kontra bultzatu zuen. Hori ikusita, agenteak esku hartu zuen, foruzain gisa aurkeztu eta biak banatu zituen. Emakumearen egoera ikusita, urduri eta kopetan zuen zauri batetik odola zeriola, 112 telefonora ditu zuen, laguntza eskatuz. Udaltzaingoa bertaratu zen hara eta ustezko erasotzailea atxilotu zuen (30 urte eta hainbat aurrekari ditu). Biktima Sofia Erregina Ospitalean artatu zuten eta medikuen txostena aurkeztu zuen ondoren Foruzaingoaren aurrean.

Ostegunean ere, emakume batek Tuterako Udaltzaingoarengana jo zuen bere senarrak (40 urte) haien seme-alaben aurrean eraso ziola salatzeko. Udaltzainek "ustezko erasotzailea atxilotu zuten tratu txarrak etxe barruan emateagatik", eta biktimak Foruzaingoaren polizia-etxean aurkeztu zuen salaketa.

Larunbatean, Foruzaingoaren Aginte eta Koordinazio Zentroak abisua jaso zuen, Figarolen emakume baten aurkako erasoa izan zitekeelako. Hortaz, Tuterako foruzainak bertaratu ziren eta, baieztatu zutenez, senarrak kolpeak, irainak eta mehatxuak eman zizkion emakumeari, berak eta zenbait lekukok esan zutenez. Ustezko erasotzailea, 44 urtekoa, "tratu txarrak emateagatik" atxilotu zuten.

Larunbat gauean, Tafallako Foruzaingoaren patruila bat Erriberrira bertaratu zen, lekuko batzuen arabera, eraso bat izan zitekeelako. Agenteak heldu zirenean, gizon batek hainbat gauza jaurti zizkien leihotik (gehien bat janaria eta edaria). Ondoren, oso urduri atera zen kalera, bikotekidea etengabe mehatxatzen ari zela eta umorea etengabean aldatzen zitzaiola. "Poliziek egoera baretu eta biktimarekin hitz egin zuten", oharrak dioenez. Horren arabera, gizona oso urduri heldu zen etxera, mehatxuka. Agenteek baieztatu zuten erasotzaileak etxebizitzako atea kolpeka apurtu zuela eta, une horretan, emakumeak ihes egin zuen, eraso egin ziezaion. Azkenik, ustezko erasotzailea (39 urte) atxilotu zuten, "tratu txarrak ematea" leporatuta.

Igande goizaldean, Villavako patruila batek aisialdi-gune batera jo zuen, emakume gazte batek bikotekide ohiaren erasoa pairatu zuelako. Agenteek biktimarekin eta lekukoekin hitz egin zuten eta, ondoren, ustezko erasotzailea atzeman zuten, "genero indarkeria delitua egotzita". Biktima San Martin erietxean artatu zuten eta atxilotua Foruzaingoaren instalazioetara eraman.

Azkenik, igande arratsaldean, Noaingo Udaltzaingoko agenteek 33 urteko gizonezko bat atxilotu zuten genero indarkeria delitua egin zuelakoan. SOS Nafarroak lekukoen testigantzak jaso zituen agenteak koordinatu aurretik. Atxilotua Foruzaingoaren esku geratu zen.

_________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak emakumeak Tratu txarrak Gaurko albisteak Nafarroan Tutera argazkiak Delituak albisteak Gaurko azken orduko albistea Erriberri Atarrabia azken ordukoa Matxismoa gaur Noain albisteak