Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Gizon bat atxilotu dute Bilbon emaztea jotzeagatik
35 urteko erasotzailea Basurtuko ospitalean atxilotu dute, emaztea bertan artatzen ari zirenean. Gasteizen beste gizon bat atxilotu dute emazteari heriotza-mehatxua egiteagatik.
agentziak | erredakzioa
Ertzaintzak 35 urteko gizonezko bat atxilotu du Bilbon emaztea jotzea leporatuta. Basurtuko ospitalean artatu zuten emakumea, eta bertako itxaron gelan atzeman zuten gizona, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Aurreko igandean izan zen atxiloketa. Basurtuko Ospitaleko larrialdien aretoan indarkeria matxistaren biktima bat zegoela ohartarazi zuten. Ertzaintza biktimarengana joan zen lehenik, indarkeria matxistaren biktimen protokoloa betetze aldera beste gune batean baitzegoen.
Emakumeak zauriak zituen aurpegian eta ertzainei jakinarazi zien bikotekideak egin zizkiola. Era berean, esan zien ez zela gizonak eraso egiten zion lehenengo aldia.
Erasotzailea larrialdietako itxaron gelan zegoen eta bertan atxilotu zuten. Igandean epailearen aurretik pasatu zen.
Atxiloketa Gasteizen
Bestalde, Gasteizko Udaltzaingoak 53 urteko gizon bat atxilotu du emazteari heriotza-mehatxua egiteagatik.
Bart gauean izan da gertakaria, San Martin auzoko etxebizitza batean. Udaltzaingoa eztabaida gogorra entzun duen lekuko baten deia jaso ostean bertaratu da.
Etxebizitzaren kanpoaldean aurkitu dute biktima, oso urduri, bikotekideak eraso egingo zion beldur, nahiz eta onartu dien sekula ez duela halakorik egin.
Dena den, gizonak udaltzainei ohartarazi die berriro amorratuz gero zerbait "potoloa" egiteko gai zela, beraz, atxilotu egin dute indarkeria matxista leporatuta.
_________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.