Gizartea -

Indarkeria matxista, Gasteizen

15 urtez kartzelara, bikotekide adingabeari tratu txarrak eragiteagatik

2010etik 2013ra gertatu zen. Gizonak ukabilkadak, hozkadak eta kolpeak ematen zizkion neskari; kutxa batean sartu zuen, eta ahoa estali, etxetik irten ez zedin.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko epaitegi batek 15 urteko kartzela-zigorra ezarri dio gizon bati, bikotekide adingabeari tratu txarrak eragiteagatik. Harremanetan zeudela, gizonezkoak ukabilkadak, hozkadak eta kolpeak eman zizkion; kutxa batean sartu zuen, eta ahoa estali, neska etxetik irten ez zedin.

Epaiaren arabera (Efek aztertu ahal izan du), kondenatuak 29 urte zituen maitasun-harremana hasi zenean, eta neskak 14; ia hiru urtean izan ziren elkarrekin, 2013ko urrira arte. Epe hartan, Gernikan (Bizkaia), Haron (Errioxa) eta Gasteizen bizi izan ziren.

Urte haietan, gizonak (adingabearen amaren bikotekidea ere izana zen) etengabe iraintzen zuen neska, bai eta kolpatu ere.

Epaian zehaztuta dago nola erasotzaileak, behin, kutxa batean sartu zuen adingabea, ordu batzuez, gizona etxera bueltatu arte.

Beste behin, erasotzaileak ahoa estali zion, eta oinak eta eskumuturrak lotu zizkion, etxetik joan ez zedin. Kasu horretan, beste gizon baten laguntza izan zuen. Etxe berean bizi zen gizon hori, eta epaileak bi urteko kartzela-zigorra ezarri dio, gutxienekoa; izan ere, epailearen iritziz, hura ere bilakatu zen biktima.

Akusatuak dena ukatu zuen, eta esan zuen ?bikotekideen arteko eztabaidak? baino ez zeudela, harreman ona baitzuten; baina epaileak ontzat hartu du biktimaren testigantza. 16 urte zituen neskak dena salatu zuenean; bere hitzak ziren froga bakarra.

--------------------------------------------------

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak adin txikikoak Tratu txarrak gaur Gizartea Gasteiz Eguneko albisteak