Gizartea -
Irregulartasunak
Nafarroako Gobernuak auzitegira eramango du Ultzamako instalazioaren kasua
Foru Gobernuak uste du bikoiztutako diru-laguntza publikoa jaso zuela egitasmoak eta Bioenergia Ultzama eta Leverger sozietateek deliturik egin zuten argitu nahi du.
Agentziak | Erredakzioa
Nafarroako Gobernuak iragarri du Ultzamako biometanizazio plantako arduradun juridikoak auzitegira eramango dituela, proiektua gauzatzeko diru-laguntzak bi aldiz jaso zituztelakoan eta, ondorioz, funts publikoa kaltetu zutela iritzita.
Maria Jose Beaumontek azaldu duenez, Bioenergia Ultzama eta Leverger sozietateek biogas instalazioa eraikitzeko diru publikoa bidegabe erabili eta deliturik egin ote zuten argitu nahi du Gobernuak.
Garapen Ekonomikorako eta Landa Garapenerako departamenduek emandako diru-laguntzen espedienteak aztertuta eta Kontu Ganberak egindako txostena aintzat hartuta, Foru Gobernuak uste du proiektu horren finantzazioan hainbat delitu egin zirela, hala nola, iruzurra diru-laguntzetan, dokumentuak faltsutzea, diru publikoa bidegabe erabiltzea, prebarikazioa eta iruzurra.
Foru Gobernuaren ustez, Ultzamako biogas planta eraikitzeko diru-laguntza publikoak "bikoiztu" egin ziren; izan ere, proiektu beragatik, Ultzamako Udalak eta Bioenergia Ultzama sozietateak jaso zituzten diru-laguntzak. Batak, Landa Garapenerako departamenduaren laguntza izan zuen, eta besteak, Garapen Ekonomikorako departamenduarena.
Fiskaltzak auzia artxibatu zuen, baina Beaumontek azpimarratu du erabaki hori ez dela ebazpen judizial bat eta, beraz, auzitegira jotzeko aukera irekita dagoela. Era berean, gogora ekarri du Kontu Auzitegiak ere izapideak abiarazi dituela auzia ikertzeko eta Nafarroako Gobernuari dokumentazioa eskatu ziola horretarako.