Politika -
Nafarroako Parlamentua
Maiorga Ramirez, Ultzamako zentroari buruzko ikerketa batzordearen buru
Kontuen Ganberak "irregulartasun oso handiak" atzeman zituen Ultzamako biometanizazio instalazioaren kudeaketan. Fiskaltza ere ikertzen ari da.
Agentziak | Erredakzioa
Ultzamako biometanizazio instalazioaren kudeaketa ikertuko duen batzordea eratu dute Nafarroako Parlamentuan, eta Maiorga Ramirez EH Bilduko parlamentaria izendatu dute presidente.
EH Bilduren, Geroa Bairen, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin aukeratu dute Ramirez. PPNk eta PSNk zuri bozkatu dute, eta UPNk bere hautagaia, Juan Luis Sanchez de Muniain, babestu du.
Batzordea honakoek osatuko dute: Adolfo Araiz (EH Bildu), Patxi Leuza eta Unai Hualde (Geroa Bai), Guzman Garmendia eta Santos Cerdan (PSN), Carlos Couso eta Ruben Velasco (Podemos-Ahal Dugu), Sergio Sayas eta Juan Luis Sanchez de Muniain (UPN), Javier Garcia (PPN) eta Marisa de Simon (I-E).
Ramirezek gogorarazi duenez, Nafarroako Kontuen Ganberak "irregulartasun oso handiak" atzeman zituen Ultzamako instalazioaren kudeaketan, eta Fiskaltzaren esku utzi zuen ikerketa judiziala. Ganberaren txostenaren arabera, ia lau milioi euroko diru laguntza publikoak xahutu zituen Ultzamako Udalak proiektuan, UPNren aurreko gobernuen babesarekin. Foru Gobernuko bi sail ezberdinetatik jaso zituen laguntzak, fakturak bikoiztu eta zerbitzu bera birritan kobratuta.
Parlamentari abertzalearen hitzetan, hiru helburu ditu batzordeak: batetik, proiektu honetan "zer gertatu den argitzea"; bestetik, kudeaketaren "erantzukizun politikoak zehaztea"; eta, azkenik, "diru laguntza publikoen kudeaketak dagokion gardentasuna izan dezan neurriak hartzea".
"Presidente moduan, talde guztien eskaerak beteko direla bermatuko dut, agerraldiak galdegin eta eztabaidak zuzenduko ditut", adierazi du Ramirezek. Helburua "egia ezagutzea" da, nabarmendu du.
Talde parlamentarioek astebete dute idatziak eskatzeko, eta ondoren zehaztuko dituzte agerraldiak. Irailaren 30erako, ondorioak aurkeztu beharko dituzte. Hurrengo bilera asteazkenean, ekainaren 7an, egitea adostu dute, 16:30etik aurrera.