Gizartea -

Emakumeen aurkako indarkeria

Noelia Noemiren hilketa gaitzetsi dute Sestaon

Txalo artean bukatu da Udalak antolatutako ekitaldia. 15 minutuko isilunea egin dute bikotekideak hil omen zuen Noelia Noemiren omenez

Gertaerak Hiru Kontzejuen plazako etxebizitza batean izan dira. Argazkia: EiTB
Sestaok ostegun honetako hilketa matxista salatu du

3:31

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Txalo artean bukatu da Sestaoko Udalak (Bizkaia) osteguneko hilketa salatzeko, gaur, Kasko Plazan egindako elkarretaratzea. Hain zuzen ere, ekitaldi instituzionalean, 15 minutuko isilunea egin dute bikotekideak hil omen zuen emakumearen hilketa gaitzesteko. Hilketa egin ondoren, bikotekideak bere buruaz beste egin zuen.

Erakundeetako ordezkariekin batera, ehunka herritar  "Indarkeria sexistarik ez" goiburuko pankartaren inguruan bildu dira; tartean, Noelia Noemi, senarrak labanaz hildako emakumearen senideak saminduta oso agertu dira.

Besteak beste, bertan izan dira Josu Bergara Sestaoko alkatea, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria, Manu Lezertua Arartekoa, Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua edota Mario Garces Espainiako Gobernuaren Gizarte Gaietarako idazkaria.

Udaleko talde politikoek adierazpen instituzional bat adostu dute, Noelia Noemiren hilketa gaitzesteko eta haren senide eta lagunei elkartasuna adierazteko.

Testuaren arabera, "indarkeria sexistak eragin zuzena du milaka emakumerengan, eta ez dira gizartetik eta ohiko bizitzatik kanpo dauden egoerak".

"Egunero hainbat eraso ematen dira emakumeen aurka, eta denak dira gaitzesgarriak, hilketa genero-indarkeria mailarik gorena izanik", gaineratu dute taldeek.

Alderdien esanetan, erasoak "gizonen eta emakumeen artean berdintasunik ez dagoelako" ematen dira. Horregatik, "hausnartzeko eta errespetuzko baloreen eta jarreren garrantziaz jabetzeko" deia egin diete herritarrei, berdintasuna bultzatzeko.

"Emakumeen aurkako indarkeria atentatua da haien osotasun fisikoaren eta moralaren kontra, eta erasoa haien duintasunaren aurka. Horrenbestez, giza eskubideen urraketa larria eta onartezina da", azpimarratu dute.

Halaber, Ezkerraldeko eta Meatzaldeko Emakume Taldeen Koordinakundeak kontzentrazioa deitu du ostiral honetarako, 19:00etan, udalerriko Kasko Plazan, azken hilketa hori gaitzesteko.

_______________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak haurrak Tratu txarrak Espainian Sestao Gizartea albisteak Gaurko azken ordukoa