Gizartea -
Sevillan
Poliziak hiru gorpu aurkitu ditu Sevillan hormigoizko putzu batean
Bellavistan desagertutako emakumearen, alabaren eta bikotekidearen gorpuzkiak izan daitezkeela uste du Poliziak.
Agentziak | Erredakzioa
Polizia Nazionalak hiru gorpu aurkitu ditu Sevillan hormigoizko putzu batean. Antza, bi helduren eta haur baten gorpuak dira. Asteburu osoan Dos Hermanaseko etxe batean hondeatzen egon ostean aurkitu dituzte gorpuak. Hori dela eta, gutxienez, bost lagun atxilotu dituzte, eta baliteke droga-trafikoarekin lotutako konturen batek eragin izana, Europa Press Albiste agentziaren arabera.
Gorpuak Sevillako Auzitegiko Medikuntza Institutura eraman dituzte autopsia egitera, horien heriotzaren nondik norakoak argitzeko. Litekeena da Bellavistan desagertutako Sandra Capitanen, horren alabaren eta bikotekidearen gorpuak izatea, Poliziaren arabera.
Irailaren 16an desagertu ziren Sandra Capitan 26 urteko emakumea, horren 6 urteko alaba eta 55 urteko bikotekidea.
Polizia Nazionalak astelehen goizaldean atera ditu gorpuak putzu horretatik, eta ikerketaren sumarioa sekretupean ipini du epaileak.
Hainbat atxilotu
Bestalde, Polizia Nazionalak hainbat pertsona atxilotu ditu ikerketa horrekin lotuta. Antza, atxilotutako batek eman zion Poliziari gorpuen kokalekuaren berri.