Gizartea -

Indarkeria Matxista

Bi gizon atxilotu dituzte Gasteizen, bikotekideei eraso egitea egotzita

31 eta 32 urteko bi gizon atxilotu dituzte Gasteizen, bikotekideei eraso, irain eta mehatxu egitea leporatuta. Genero indarkeria delitua egotzi diete biei.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

31 eta 32 urteko bi gizon atxilotu dituzte Gasteizen, bikotekideei eraso, irain eta mehatxu egitea leporatuta. Gasteizko Udaltzaingoak ostegun honetan ohar baten bidez jakitera eman duenez, genero indarkeria delitua egotzi diete biei.

Asteazkenean, 08:30 aldera, gizon batek emakume bati eraso zion Gasteizko Lakua-Arriaga auzoan. Gasteizko Udaltzaingoak zabaldu duenez, dei bat jaso zuten taberna bateko kanpoaldean bi gizon eta emakume bat borrokan ari zirela esanez.

Emakumeak bertaratu ziren udaltzainei azaldu zienez, bikotekide ohiak eraso egin zion, bera bi lagunekin batera zegoela, eta bietako batek erasotzaileari jo zion, bera babesteko asmoz.

Neskak salatutakoaren arabera, telefonoz etengabe deitzen dio erasotzaileak, eta mezuak idazten dizkio. Agenteek gizona atxilotu zutenean, bihurkin bat atzeman zioten.

16:00ak aldera, beste dei bat jaso zuen Udaltzaingoak, Koroatze auzoko etxebizitza batean gizon batek bere bikotekideari eraso ziola esanez.

Erasotzaileak ileetatik eta belarritik indarrez hartu zuela salatu zuen emakumeak, eta senarrak egin dion lehen erasoa zela gaineratu zuen. Alabaina, askotan iraindu duela onartu zuen.

Hori dela eta, agenteek atxilotu egin zuten 32 urteko gizona, bikotekideari tratu txarrak ematea leporatuta. Ostegun honetan eraman dute epailearen aurrera.

_________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteizko Udala berriak Indarkeria matxista Espainian Delituak Indarkeria matxista Gasteiz albisteak Eguneko albisteak