Gizartea -

Iragarpena

30 ºC inguruko tenperaturak termometroetan, larunbatean

Iganderako, Herrizaingo Sailak alerta horia ezarri du hego haize indartsuagatik, izan ere, 100 km/h abiadurara irits daitezke haize boladak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aurreko egunetako tendentziari jarraituko dio asteburuak eta ostarteak lainoei gailenduko zaizkie. Gainera, hego haizeak joko du, eta hasieran suabea izango bada ere, igandean indartu egingo da. Tenperaturak 25 ºC inguruan kokatuko dira, Euskalmetek iragarri duenez.

Ostiral honetan zeruan hodeiak eta ostarteak tartekatuko dira. Erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak izango dira eta ez dute euririk ekarriko; iparraldean izango da hodeitza handiagoa. Haizeak hegoaldetik joko du baina momentuz ez du indarrik edukiko; horregatik, arratsaldean kantauri isurialdeko eskualdeetan brisa altxatuko da. Tenperatura maximoak 25 ºC ingurura ailegatuko dira.

Larunbatean hego-mendebaldeko haizea indartu egingo da eta kostaldeko zenbait lekutan bolada gogorrak espero dira. Haize horrek erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak ekarriko dizkigu, baina larunbatean ere ateri mantenduko da. Arratsaldean barnealdean bero-hodei batzuk sortuko dira, Nafarroan batez ere. Tenperaturak gora egingo du berriro eta maximoak 25-30 ºC artekoak izango dira.

Igandean hego-haizea zakarra izango da eta haize-ufada oso gogorrak espero dira, egunaren bigarren partean batez ere. Goizean ostarteak oraindik ugariak izango dira, baina hodeiak nagusituz joango dira eta arratsaldetik aurrera euria espero da, egunaren amaieran Nafarroan indar handiagoz. Tenperatura minimoak, epelak izango dira, kantauri isurialdean batez ere; maximoak oraindik altuak izango dira, gutxi jaitsiko diren arren.

Gainera, Herrizaingo Sailak alerta horia ezarri du hego haize indartsuengatik, izan ere, 100 km/h abiadurara irits daitezke haize boladak puntu batzuetan.

Astelehenean, asteburuko joerari jarraiki, tenperaturek behera egingo dute pixkanaka eta euria egingo du.

Kontsultatu eguraldiaren iragarpena eitb.com-en eta bidali argazkiak Udablogera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea