Gizartea -

Indarkeria matxista

Sei urteko kartzela zigorra ezarri diote Altsasun neska bat bortxatzeagatik

Auzitegiak frogatutzat eman du gizonak biktima bortxatu eta kolpatu zuela Altsasuko taberna baten komunetan.

Nafarroako Lurralde Auzitegia.
Nafarroako Lurralde Auzitegia.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Lurralde Auzitegiko Zigor arloko 1 zenbakiko Sekzioak sei urteko kartzela zigorra ezarri dio J.C.R. Altsasuko bizilagunari Nafarroako herri horretako taberna batean neska bat bortxatzea egotzita.

Gaur kaleratutako autoan, Auzitegiak frogatutzat eman du gizonezkoak neska bortxatu zuela eta lesioak egin zizkiola. Bortxaketa 2016ko otsailaren 6an gertatu zen, Altsasuko taberna bateko komunetan.

Eraso sexuala egotzita, sei urteko kartzela ezarri dio epaileak J.C.R.ri. Zigorra beteta eta bost urteko epean, gizonezkoa ezingo da biktimarengana 300 metro baino gutxiagora hurbildu, ezta berarekin harremanetan jarri ere. Lesio delitua ere leporatu diote gizonezkoari, eta horregatik hilabete bateko isuna (9 euro egunero) eta zaintzapeko askatasuna ezarri diote (kartzelatik irten eta bost urtez). Horrez gain, 25.000 euroko kalte-ordaina eta epaiketaren gastuak ordaindu beharko ditu zigortutakoak.

Epaileak sinesgarritasuna eman dio biktimak salatutakori, berak eta hainbat lekukok epaiketan zehar berretsi dutena. Gaztea tratamendu psikologikoan dago 2016ko otsailaren 16etik, eta antsietate, estres postraumatiko gogorraren eta depresio arinaren sintomak ditu.

Epaiketa irailaren 19,20 eta 28an egin zuten Nafarroako Auzitegiak. Fiskaltzak eta akusazio partikularrak bederatzi urteko kartzela zigorra eskatu zuten akusatuarentzat, eta defentsak absoluzio librea.

Autoaren arabera, zigortutakoa eta biktima Altsasuko taberna batean zeuden. Une batean, emakumea komunera joan zen, eta mutilenera sartu zen, neskena okupatuta zegoelako. Segidan auzipetua (aurrez ez ziren elkarrekin egon) sartu zen komun berera, eta "atea eta kisketa itxi zituen". Gizona emakumea ukitzen hasi zen eta azkenean bortxatu egin zuen. Biktimak ihes egitea lortu eta salaketa aurkeztu zuen erasotzailearen aurka.

_________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista gaur Nafarroako albisteak Gizartea Albisteak Altsasu azken ordukoa