Gizartea -
Desagerpena
Arrasateko mendizalea bilatzeko lanei ekin diete berriro
Laugarren bilaketa-eguna da gaurkoa, eta Anbotoko leize gune bat miatzen ari dira.
Agentziak | Erredakzioa
Ostegunean desagertu zen Arrasateko (Gipuzkoa) mendizalea bilatzeko lanei ekin diete berriro astelehen honetan, Anboto mendiko leize gune batean, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Laugarren bilaketa eguna da gaurkoa, eta Anbotoko leize gune bat miatzen ari dira Ertzaintzaren helikoptero bat eta mendiko adituak 10:00etatik. 16:00etan, inguruko mendietara zabalduko dute miaketa.
Segurtasun arduradunak Arrasateko Udaleko buruzagiekin bildu dira, eta gaur miaketan Ertzaintzako eta erreskate zerbitzuetako profesionalek bakarrik parte hartzea erabaki dute, haize indartsuak espero direla-eta abisu horia ezarri baitute, eta arriskua izan baitaiteke boluntarioentzat.
Bilaketa-lanek ez dute arrakastarik izan, eta oraingoz Arrasateko bizilagunaren bizikleta besterik ez dute aurkitu.
Arrasatearra desagertu zela jakinarazi zutenetik, boluntarioekin batera, Gurutze Gorriko, DYAko, Gipuzkoa eta Bizkaiko Foru Aldundietako suhiltzaileetako kideak ari dira bilaketa lanetan parte hartzen. Besaide, Anboto eta Udalatx ingurura zabaldu dituzte bilaketa-lanak.