Gizartea -
Gaizkile sarea, deseginda
Zazpi atxilotu Iruñean, emakumeak esplotatu eta ezkontzera behartzeagatik
Beste lau pertsona atxilotu dituzte Segovian. Biktimen artean 13, 16 eta 17 urteko adingabeak daude.
Agentziak | Erredakzioa
Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak elkarrekin egindako operazio batean 11 pertsona atxilotu dituzte, horietako zazpi Iruñean eta gainerakoak Segovian, emakumeak sexualki esplotatu eta ezkontzera behartzen zituen sare bateko kide direlakoan. Biktimen artean adingabeak ere badaude.
Espainiako Barne Ministerioak ohar batean azaldu duenez, zazpi emakume askatu dituzte, tartean 13, 16 eta 17 urteko hiru adingabe. Gaizkile taldea desegintzat jo dute Estatuko segurtasun indarrek.
Apirilean ekin zioten ikerketari, Errumaniak Espainiako Estatuan duen Barne Agregatutzan herrialde horretako emakume batek jarritako salaketa tarteko. Emakumearen esanetan, alaba prostituitzera behartzen ari ziren.
Errumaniatik ekartzen zituzten emakumeak, askotan behartuta
Ikerlariek jakin ahal izan zutenez, taldeko kideek Errumanian harrapatzen zituzten emakumeak. Zenbaitetan, 'Lover Boy' izeneko metodoaren bitartez engainatzen zituzten. Hau da, taldeko kideren batek emakumea limurtu egiten zuen eta harekin ezkontzeko promesarekin, Espainiako Estatura ekartzen zuen. Beste zenbaitetan, ordea, indarra erabilita ekartzen zituzten.
Errumaniako emakumeak aurkeztutako salaketaren arabera, alaba auto batean indarrez sartu eta Espainiara ere gogoz kontra ekarri zuten. Gerora, baina, beste talde bati saldua izan zela salatu zuen amak. Iruñean topatu zuten gaztea, etxeetan eta industriaguneetan lapurreta egiten zuen talde baten menpe.
Segovian sexu-esplotazioaren eta tratu txarren biktima zen beste emakume atzerritar bat identifikatu zuten agenteek.
Ezkontzera behartuta
Emakume adingabeak ezkontzera behartzen zituen talde bat ere atzeman zuten ikerlariek Iruñean. Talde horren hiru biktima Segovian topatu zituzten.
Atxiloketak egiteaz gain, lau miaketa egin dituzte —horietako bi Iruñean—. Honakoak atzeman dituzte miaketotan: auto garesti bat, 2.300 euro esku dirutan, droga ebakitzeko materiala eta dokumentazio ugari.
_________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.