Gizartea -
Zientzia Astea
Espazioa eta planetak ikusgai Bilbon, EHUren Zientzia Astean
Azaroaren 12ra arte, jarduera ugari egingo dituzte Bizkaia Aretoan; besteak beste, Eguzki Sistema zeharkatzeko oinezko ibilbide bat eta planetario puzgarri handi bat egongo dira.
Erredakzioa
EHUren Zientzia Astearen barnean, Bilboko Bizkaia Aretoan espazioaren gaineko zenbait jarduera antolatu dituzte; "EHU espazioan" ekimena urriaren 17an hasi eta azaroaren 12an amaituko da. Hain zuzen, bertara joaten direnek Estatuko planetario puzgarririk handienaz gozatzeko aukera izango dute; Eguzki Sistema oinez zeharkatu ahalko dute; argazki- eta maketa-erakusketak izango dituzte ikusgai, espazioa esploratzeko erabilitako hainbat ekiporen berri izateko; eta, horrez gain, hitzaldi-sorta batean parte hartzeko aukera izango dute. Jarduera guztiak doakoak dira.
Eguzki Sistema osoan egitekoa den oinezko ibilbidearen bidez, parte-hartzaileek Neptuno izango dute abiapuntu, Guggenheim museoaren aurrealdean, eta Eguzkia izango dute helmuga, Bizkaia Aretoaren terrazan; planeta batetik bestera egongo den distantziak benetan dagoena islatuko du, eskalan. Ibilbidea gaurtik, urriaren 17tik, egin ahalko da, eta azaroaren 12ra arte egongo da zabalik: 08:00etatik 20:00etara, astelehenetik ostiralera; 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara, larunbatetan; eta 10:00etatik 14:00etara, igande eta jaiegunetan.
Bizkaia Aretoaren terrazan bertan, Estatuan dagoen planetario puzgarririk handiena kokatu dute. Azaroaren 5era arte egongo da zabalik, eta gau- eta egun-zeruaren simulazioak eskainiko ditu, baita pelikula inguratzaileak ere, ikusleek Eguzki Sistema eta urrunago ere dauden zenbait planeta ezagut dezaten. 17:00etatik 20:00etara izango da ikusgai, astelehenetik ostiralera; 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara, larunbatetan; eta 10:00etatik 14:00etara, igande eta jaiegunetan.
Erakusketak eta hitzaldiak
Eguzki Sisteman egitekoa den oinezko ibilbidearen ordutegi bera duela, baina azaroaren 5era arte, espazio-esplorazioaren gaineko erakusketa bat ere izango da ikusgai. Bertan, espazio-misiorik ezagunetan izandako eskalako maketak topatuko ditugu, baita misio horietan erabilitako tresnak ere; adibidez, Hubble Espazio Teleskopioa, Rosetta eta Gaia misioetako ekipoak, Artizarra eta Marte esploratu dituzten espazio-ontziak…
Bizkaia Aretoko Baroja entzunaretoan, gainera, hiru hitzaldi egongo dira (urriaren 17ean eta 25ean, eta azaroaren 2an, 19:00etan), espazio-esplorazioan izandako azken aurrerapenen berri emateko; Juanma Madariaga, Agustin Sanchez Lavega eta Eduardo Urgoiti adituek hitz egingo dute, eta zientzia-ikuspuntu batetik abiatuko dira, baina guztiek ulertu eta gozatzeko modukoa izango da. Hitzaldien gaineko informazio gehaigo, hemen dago.
Horrez gain, doako bisita gidatuak antolatu dira hezkuntza-zentroentzat, astronomiaren eta espazio-ikerketaren funtsezko ezagutzak modu ludiko eta bisual batez hurbiltzeko. Urriaren 17tik azaroaren 3ra egingo dira, astelehenetik ostiralera, 09:30ean, 11:00etan, 12:30ean eta 14:00etan. Bisita egin ahal izateko, ezinbestekoa da aurretik izena ematea ehuespazioan.otri@ehu.eus helbidean.