Gizartea -
Iragarpena
110 km/h-ko haize-boladak eta 3,5 metroko olatuak, gaur
Euskadik alerta horian dago oraindik haizea dela eta, baina arratsaldean euria eta haizea baretu egingo direla aurreikusi dute. Termometroek ez dituzte 22 graduak gaindituko.
Erredakzioa
Atzo haize-boladak direla eta zarritako alerta horia gaur 14:00ak arte luzatu dute, barrualdean eta kostaldean. 3,5 metrotik gorako olatuak espero direnez, alerta horia itsasora ere hedatu da.
Euskalmeteko estazioek bildutako datuen arabera, Bizkaian eta Gipuzkoan jo du haizeak indartsuen. Hain zuzen, Bizkaiko bi lekuk neurtu dituzte daturik deigarrienak: Urduñak (135 km/h) eta Balmasedak (109 km/h). Gipuzkoan, Jaizkibelek (116 km/h)&' || 'nbsp; izan ditu markarik altuenak.
Gipuzkoako Zegama eta Zizurkil herrietan ere, haizeak ez du atsedenik eman; 104 km/h-ko eta ia 100 km/h-ko ufadak neurtu dituzte.
Herrizaingo Sailak, halaber, alerta horia ezarri du Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldean 20:00ak arte. Iragarpenaren arabera, 3,5 metrotik gorako olatuak izango dira.
Astelehena giro zatarrarekin hasi dugun arren, arratsaldean euria zein haizea baretu egingo direla aurreikusi dute. Termometroek ez dituzte 22 graduak gaindituko.