Gizartea -
24 ordu gatibu
Askatu egin dute igandean Trebiñun bahitu zuten bilbotarra
Berrogei urteko gizona Txagorritxu Ospitalean agertu zen atzo, azken orduan. 24 ordu eman ditu bahitzaileen esku.
Erredakzioa
Igandean Trebiñun bahitu zuten 40 urteko gizonezko bilbotarra askatu egin dute jada bahitzaileek, Radio Euskadik informatu duenez.
Hogeita lau orduz gatibu egon eta gero, gizonezkoa Txagorritxu Ospitalean (Gasteiz) agertu zen atzo, eguneko azken orduan. Espainiako Gobernuak Burgosen duen Ordezkaritzak baieztatu duenez, gizonezkoaren pisukideak eraman zuen erietxera, eta orain ospitaleratuta dago, behaketan.
Oraingoz ez dago batere argi zer dela eta bahitu zuten, baina badirudi terrorismoak ez duela horretan zerikusirik, eta drogarekin lotutako kontu-garbitzea izan litekeela. Ez dago beste informazio askorik, epaileak sekretupean jarri baitu auzia. Guardia Zibila gertatutakoa ikertzen ari da.
Gizonezkoa igandean atzeman zuten. Lau gizonezkok kolpatu egin zuten etxearen atarian, furgoneta batean indarrez sartu eta gogoz kontra eraman zuten.
Bizitoki ofiziala Bizkaian dauka, baina azken sei hilabeteak Trebiñun eman ditu, bere bikotekidearekin eta beste gizon batekin batera, "Doroño II" urbanizazioan.