Gizartea -
Indarkeria matxista
Jean Lassalle diputatuak sexu-jazarpena egin ziela salatu dute lau emakumek
Erasoa publikoki salatu duen azkena Colette Capdevielle Baionaldeko diputatu ohia izan da. Lassallek, galtzontzillotan, elkarrekin dutxatzeko proposamena egin ziola salatu du.
eitb.eus
Jean Lassalle Frantziako Asanblea Nazionaleko diputatuak sexu-jazarpena edo sexu-erasoak egin zizkiela salatu dute lau emakumek, tartean Colette Capdevielle Lapurdiko diputatu ohiak.
Lassalle Ipar Euskal Herriko barnealdeko eta Biarnoko diputatua da 2007tik.
Lehen salaketa Julia Castanier egun Frantziako Alderdi Komunistako komunikazio burua denak egin zuen, Twitter bidez, urriaren 15ean. Mezuan zioenez, "25 urte nituen eta laguntzaile parlamentarioa nintzen. Ganberara bidean, Jean Lassallek ipurdia ukitu zidan".
Castanierren salaketaren ondoren, baina, beste batzuk etorri dira. Egun berean, Lassalle musu ematen saiatu zela zabaldu zuen sare sozial berean Mie Kohiyama kazetariak:
Karine Berger diputatu sozialista ohiak ere Lassalleren jazarpenaren biktima izan zela aitortu du. Nabarmendu duenez, ohikoak ziren "lekuz kanpo egiten zituen komentarioak".
Colette Capdevielle Lapurdiko diputatu izandakoak salatu berri duenez, berari ere ipurdia ukitu zion. Beste batean, diputatu-bulegoko dutxara elkarrekin sartzeko gonbita egin zion, eta harrezkeroztik "dutxako neska-laguna" ere deitu izan omen zion, ezeroso sentiaraziz.
Castanierren salaketaren berri izan eta bi egunera hitz egin zuen Lassallek Sud'Ouest egunkarian. Castanier ezagutu ere ez duela egiten nabarmendu zuen, eta "emakumez inguratuta egon arren", halakorik ez duela inoiz egin azpimarratu zuen.
_________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.