Gizartea -
Hirugarrenez
Hondarribiko Gran Sol tabernaren 'Mika', Euskal Herriko pintxorik onena
Hirugarrenez irabazi du Euskal Herriko txapela Gipuzkoako tabernak. Mikel Muñoz eta Mika Pop dira autoreak.
eitb.eus
'Mika' izeneko pintxo batek irabazi du Euskal Herriko XII. Pintxo Txapelketa, Donostiko Kursaal Jauregian. Irabazleak Mikel Muñoz eta Mika Pop dira, Hondarribiko Gran Sol tabernakoak (Gipuzkoa).
Gran Solek beste bi aldiz irabazi zuen lehen saria, 2010ean eta 2013an.
"Talde oso baten lana izan da, hau da, Gran Sol familiarena, eta lan egiten jarraitzeko adorea ematen digu, gure pasioan hobetzen jarraitzeko: sukaldearen eta pintxoen mundua", esan dute Muñozek eta Popek.
Epaimahaiaren presidente Alberto Ferruzentzat, 'Mika' pintxoak "kontzeptuagatik, zaporeengatik eta sentsazioengatik irabazi du, eta elaborazioa puntuan zegoelako". Xabiako (Alacant) BonAmb jatetxeko Ferruzek pintxo finalista guztien atzean dagoen lana goraipatu du.
Bigarren saria Bilboko Gure Tokirentzat izan zen, "Pastrami, sardina eta chipotle ogitartekoa" pintxoagatik, eta hirugarren tokian geratu zen "Txoria eskuan" pintxoa, Donostiko Zazpi tabernarena.
Gainera, Gasteizko Toloño tabernako Enrique Fuentes eta Mª Carmen Bargañok Ohorezko Saria eskuratu zuten, "tamaina txikiko sukaldaritzaren mundua bere lanaren oinarria izateagatik, tabernetako gastronomia duin egiteagatik eta, azken finean, sektorearen erreferentea izateagatik".