Gizartea -

Sarituak

Estatubatuar batek eta bi japoniarrek irabazi dute Kimikaren Nobela

Irabazleak AEBetako Richard Heck eta Japoniako Ei-ichi Negishi eta Akira Suzuki ikertzaileak dira, karbono-karbono erreakzioei buruz egindako lanengatik.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Richard Heck ikerlari estatubatuarra, eta Ei-ichi Negishi eta Akira Suzuki japoniarrak saritu dituzte 2010eko Kimikaren Nobel Sariarekin, karbono-karbono erreakzioei buruz egindako lanengatik, Suediako Zientzien Akademiak gaur jakitera eman duenez.

Karbono-karbono loturak sortzeko paladiozko katalizatzaileak erabiltzen dituzten hiru erreakzio ezberdin garatu dituzte hiru ikertzaileek, Suediako Akademiaren arabera.

Konkretuki, molekula berriak sintetizatzeko balio du aurkikuntzak, eta medikuntzan, nekazaritzan, industria kimikoan eta osagai elektronikoen garapenean aplikatu ahal izango dute.

Kimika organikoa edo karbonoaren kimika bizitzaren oinarria da, baina adituen arabera, karbonoaren atomoek ez dute elkar errez erreakzionatzen. Ondorioz, erreakzioa eragiteko kanpoko eragileak behar dituzte zientzilariek, gero molekula berriak sintetizatzeko.

Biografiak

Heck Springfielden (AEB) jaio zen, 1931n. 1954an Los Angeleseko Unibertsitatean (Kalifornia) doktoratu zen eta Delawareko Unibertsitatean (New York) irakasle da.

Bestalde, Negishi Changchunen (Txina) jaio zen, 1935ean, eta 1963an Pensilvaniako (AEB) Unibertsitatean doktoratu zen. Orain Purdue Universityko (West Lafayette, AEB) irakaslea da.

Azkenik, Suzuki Japonian jaio zen 1930ean eta 1959an Hokkaidoko Unibertsitatean doktoratu zen. Gaur egun bertako irakaslea da.

Kimika Nobelak 1,1 milioi euroko saria du, eta gainerakoak bezalaxe, abenduaren 10ean banatuko dute Alfred Nobel sortzailearen heriotzaren urteurrenarekin bat egiteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea